TRAFIKOA
Zarautz eta Getaria arteko kostako errepidean errei bat irekiko dute, ostiraletik aurrera
EITB Media
20:00etatik aurrera, txandakako zirkulazio ezarriko dute semaforo bidez. Errepidea otsailaren 11tik dago itxita, denboralearen ondorioz kostaldeko euste horman 5,50 metrotako zulo bat agertu eta gero.
Zarautz eta Getaria arteko kostako errepidean errei bat zabaldu eta txandakako zirkulazioa ezarriko dute, semaforo bidez, ostiral honetako 20:00etatik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Errepidea otsailaren 11tik dago itxita, denboralearen ondorioz kostaldeko euste horman 5,50 metrotako zulo bat agertu eta gero.
Foru Aldundiak zabaldutako oharraren arabera, horma berreraiki eta errepidea birgaitzeko emergentziazko lanak otsailaren azken astean hasi ziren eta dagoeneko errei bat ireki ahal izateko adina segurtatu dute eremua.
Oinezkoen bideari dagokionez, irekita egongo da obra eremua baino 100 metro lehenagora arte.
"Azken egunetako eguraldiak eta itsasoaren egoerak lanak aurreratzea ahalbidetu dute eta lehentasunezkoa zen ahalik eta azkarren errei bat trafikora irekitzea, errepide honek garrantzia handia baitu getariar eta zarauztarrentzat", Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez.
Halaber, foru diputatuak gogorarazi du Telegram mezularitza aplikazioko N-634 KOSTA kanaletik jarraituko dela unean uneko informazioa ematen eta errepide honen erabiltzaileei kanalera harpidetzeko gomendioa eman die, "bertatik emango baita zuzenean aurrerapen eta aldaketen berri".
Bigarren zuloa, Zumaia aldera
Halaber, N-634 errepidean, Getaria eta Zumaia artean, bigarren zulo bat atzeman zuten hilaren 5ean, 24,288 eta 24,310 puntu kilometrikoen artean, kostaldeko euste-horman Sortutako zuloak 10 metro inguruko sakonera du, eta errepidearen kanpoko erreiari eragiten dio. Hori dela eta, semaforoen bidez erregulatutako dago ibilgailuen joan-etorria. Kasu honetan ere lanak hasita daude eta hilabeteko epean bukatzea aurreikusten da.