Indarkeria matxista
Ertzaintzak ukatu egin du Gasteizen emakumearen bahiketan inplikatutako pertsona bat baino gehiago dagoenik
EITB Media
Arratsaldeko lehen orduan bahiketarekin eta erasoarekin zerikusia izateagatik ikertutako pertsona gehiago egon litezkeela zabaldu den arren, azkenean inplikatu bakarra dago, atxilotua, Ertzaintzatik zehaztu dutenez. Gasteizko Udalak elkarretaratze isila deitu du astearterako, 12:00etarako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur arratsaldeko lehen orduan Gasteizko lonja batean emakume baten bahiketarekin eta erasoarekin zerikusia izateagatik ikertutako pertsona gehiago egon litezkeela zabaldu den arren, azkenean inplikatu bakarra dago, atxilotua, Ertzaintzatik zehaztu dutenez. Gaur goizaldean gertatu da, Arabako hiriburuko Hedegile kaleko lonja batean.
Bertan, atxilotuak hainbat orduz bahituta eduki zuen bikotekide ohia, eta denbora horretan eraso egin zion.
Emakumeak lokaletik ihes egitea lortu zuen, eta Ertzaintzari abisua eman zion. Ertzainek ustezko erasotzailea aurkitu zuten, eta egiaztatu zuten gizonak urruntzeko agindua zuela indarrean, indarkeria matxista aurrekariengatik.
41 urteko atxilotua ertzain-etxean egon da egunean zehar, arratsaldeko 18:30ak aldera lokalera eraman aurretik. Ertzaintzaren polizia zientifikoak ere joan dira lonja horretara, eta argazkiak egin dituzte barrura sartu aurretik.
Ertzaintzaren polizia zientifikoak Hedegile kaleko lonjaren aurrean. Argazkia: EFE
Lokala Udalarena da
Gasteizko Udaleko iturriek baieztatu dutenez, gertakariak jazo diren lokala Udalarena da, eta maizterrak ez zuen errenta ordaintzen 2022ko azarotik.
Gaineratu dutenez, duela denbora bat Udaltzaingoa gizon hori lonja horretatik ateratzen saiatu zen, baina azkenean ezin izan zuen egin, ez baitzuen bizitoki alternatiborik.
Eraikineko bizilagunek azaldu dutenez, okupatzailea gizon "problematikoa" zen, eta beldur pixka batekin bizi dira.
Elkarretaratze isila
Gasteizko Udalak bost minutuko elkarretaratze isila deitu du astearte eguerdirako, 12:00etarako, Maider Etxebarria alkatea buru dela, azken eraso matxista gaitzesteko. Protesta Plaza Berrian izango da, "Gasteiz: eraso matxisten aurka" lelopean.
Gainera, Udalak adierazpen instituzionala onartu du, indarkeria matxistaren azken kasu hori irmo gaitzesteko, eta biktimari eta haren ingurukoei babesa eta hurbiltasuna adierazteko, behar dituzten baliabideak eskainiz.