Itxi

GERTAKARIA

Sevillan kamioi batek harrapatuta hildako sei pertsonetako bi Bizkaikoak ziren

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Hil diren bi guardia zibiletako bat barakaldoztarra zen, eta hildako beste lau lagunetako bat Bizkaian bizi zen. Epaitegi batek gidaria behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindu du.

Istripuaren irudiak. Argazkia: EFE.

Sevillan kamioi batek harrapatuta hildako sei pertsonetako bi Bizkaikoak ziren. Horietako bat, guardia zibila, 36 urteko barakaldar bat da, eta beste bat, zibila, Bizkaian bizi zen jatorri marokiarreko 20 urteko gaztea, harrapatutako auto batean zihoana. Istripuan, gainera, beste guardia zibil bat eta beste hiru zibil hil dira. Ezbeharra AP-4 autobidean gertatu da, Los Palacios parean, kamioiak polizia-kontrol baten aurka talka egin duenean.

Hildako bi guardia zibilak Gasteizko Ekintza Azkarreko Taldekoak (GAR) ziren, eta larri zauritu diren lankideekin batera, narkotrafikoaren aurkako operatiboetarako eginkizunetan ari ziren.

Gidaria berehala atxilotu dute, eta negatibo eman du alkohol- eta droga-probetan. Utrerako instrukzioko epaitegi batek gidaria behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindu du. 59 urteko gidariari zuhurtziagabekeriagatiko sei giza hilketa eta zuhurtziagabekeriagatiko hiru lesio larri egotzi zaizkio.

Institutu Armatuko iturriek jakitera eman dutenez, ezbeharra astearte honetan gertatu da, 04:40 aldera, ibilgailu artikulatu batek polizia-dispositiboa harrapatu duenean.

Kontsultatutako iturriek baztertu egin dute nahita harrapatu izana. Istripuaren nondik norakoak ikertzen diren bitartean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) logura edo beste distrakzio bat aipatu du arrazoi nagusitzat.

Antza denez, kamioiaren gidariak agenteen seinaleak jaso ditu, eta, bat-batean, bazterbidera desbideratu da. Ondorioz, GAReko lehen hiru ibilgailu ofizialak eta dispositiboaren barruan zeuden beste bi auto zibil harrapatu ditu.

Barne Ministerioak sei pertsonen heriotza deitoratu du eta doluminak bidali dizkie biktimen senideei.