ZIBERDELITUAK
Gero eta iruzur gehiago oporren erreserba egiterakoan: iaz bakarrik 334 salaketa jaso zituen Ertzaintzak
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Ertzaintzak ohartarazi duenez, gero eta iruzur gehiago atzematen dira oporretako bizitokien erreserbak egiterakoan. Iruzur gehienak, erreserba egiten ari garela, web orritik kanpoko esteka bat erabiliz edo webgune faltsu baten bidez gertatzen dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ertzaintzak ohartarazi duenez, gero eta iruzur gehiago atzematen dira oporretako bizitokien erreserbak egiterakoan, Interneten. Iaz bakarrik 334 salaketa jarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, gehienak baimenik gabe egindako karguengatik.
Iruzurren erdia, 117 guztira, erreserba egiten ari garela, web orritik kanpoko esteka bat erabiliz edo webgune faltsu baten bidez gertatu ziren.
Ertzaintzak EITB Mediari zehaztu dionez, hauek dira iruzurrik ohikoenak oporren erreserbei dagokienez: jabetza faltsuen edo existitzen ez direnen iragarkietan sartzea, eskaintza "merkeegiak" onartzea, nortasuna ordeztea, datu pertsonalak eta finantzarioak lapurtzea edo webgune faltsuetara edo plataformatik kanpo ordaintzeko eskaeretara birbideratzea.
"Iruzurgileak saia daitezke bidaiariak konbentzitzen legezko erreserba-plataformatik kanpo ordainketak egin ditzagun, horrek prezio edo baldintza hobeak eskuratzea ahalbidetuko digula argudiatuz. Hala ere, iruzur baten alerta-seinale izan ohi da, legezko plataformek beren lekuan kudeatzen baitituzte transakzio guztiak ", adierazi du Ertzaintzak.
Ertzaintzak aholku sorta bat argitaratu du, oporrak erreserbatzen ari garenean iruzurrak sahiesteko.
- Ez fidatu eskaintza susmagarri edo oso merkeekin
- Erreserba beti webgune ofizialean egin
- Alokatu nahi dugun etxearen puntuazioak eta erreseinak ondo begiratu eta egiaztatu
- Ez egin inoiz ordainiketarik erreserba-plataformatik kanpo
- Ez partekatu inoiz datu pertsonalik edo informazio finantzariorik webguneaz ziur ez bagaude
- Konexio seguruak erabili, eta Wi-Fi sare publikoak saihestu banku-transakzioak egiteko