Itxi

AUZITEGIAK

Semeari sexu-abusuak egiteagatik iaz Bizkaian absolbitu zuten gizona berriz epaitzea agindu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak absolbitu zuen iazko azaroan. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du akusazio partikularrak jarritako helegitea, eta epaiketa errepikatzea agindu du, sententzian "akatsak eta inkoherentziak" daudela iritzita.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon. Artxiboko argazkia.

16 urteko semeari sexu-abusuak egin zizkiolakoan, gizonezko bat epaitu zuten iazko azaroan Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta froga nahikorik ez zegoela iritzita, epaileak absolbitu egin zuen ustezko erasotzailea.

Ebazpen horren kontra helegitea aurkeztu zuen akusazio partikularrak, eta orain heldu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia: ontzat eman du helegitea, eta epaiketa errepikatzea agindu du, autoan "akatsak eta inkoherentziak" daudela argudiatuta. Prozesua beste epaile batzuk bideratzea ere jarri du baldintzen artean.

Bere helegitean, akusazio partikularrak salatu zuen ebazpenean, besteak beste,  agertzen ziren datak ez zirela zuzenak. Horrez gain, frogatutzat emandako egitateen eta ebazpenaren arrazoiketa juridikoaren artean "kontraesanak" zeudela ere bazioen.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu du "akatsak" daudela egitateen errelatoan: gertakariak 2021eko urriaren 15ean gertatu zirela dio sententziak, eta salaketa urriaren 5ean jarri zen.