Delituak
Behin-behinean aske, Sevillan sei lagun kamioiarekin harrapatu eta hil zituen gidaria
Agentziak | EITB Media
Istripuaren egunean, espetxera bidali zuen guardiako epaileak, fidantzarik gabe eta erregimen komunikatuan. Orain, behin-behinean aske bada ere, hamabostero joan beharko du epaitegira, pasaportea kendu diote eta ezingo da Espainiako Estatutik irten.
Utrerako (Sevilla) Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 4. Epaitegiak erabaki du behin-behinean aske uztea asteartean AP-4an, Los Palacios herrian, Sevillan, kamioiarekin sei lagun harrapatu eta hil zituen kamioi gidaria. Hildakoetako bi bizkaitarrak ziren.
Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak argitaratutako autoaren arabera, behin-behineko askatasun horrek barne hartzen du gidariak hilero, hilaren 1ean eta 15ean, epaitegira joan behar izatea. Halaber, pasaportea kendu diote eta ezingo da Espainiako Estatutik irten.
Kamioi artikulatu bat zeraman 59 urteko gidariak negatibo eman zuen alkohol eta droga probetan, eta Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) uste duenez, logalea ala deskuiduren bat izan daiteke istripuaren arrazoi nagusia.
Asteartean, istripuaren egunean, espetxera bidali zuen kamioilaria guardiako epaileak, behin-behinean, fidantzarik gabe eta erregimen komunikatuan. Zuhurtziagabekeriazko sei delitu leporatzen zaizkio, giza hilketagatik, eta beste hiru, lesio larriengatik.