Itxi

EGURALDIA

Euria eta tenperatura jaitsiera, Aste Santuaren atarian

eitb media

Leer en Castellano

Astelehen goizean, giro lehorra izango dugu nagusi, hego haize zakarrarekin. Eguerditik aurrera, baina, aroa nahastu egingo da eta zaparradak botako ditu, baita txingorra ere. Ezegonkortasun hori datozen egunetan mantenduko da.

Bi pertsona, euripean. Argazkia: EFE

Aste Santua ezegonkor dator eguraldiari dagokionez, eta euria eta tenperaturaren beherakada izango dira protagonista oporraldian, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera. 

Astelehenak bi zati izango ditu. Goizean, giro lehorra izango da nagusi, eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da bizi (03:00etatik 12:00etara, abisu horia dago haizeagatik Araban, Gipuzkoan eta Nafarroako Kantauri isurialdean). Eguerdi inguruan haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta aldaketa etorriko da; zerua estali egingo da, zaparradak botako ditu eta tenperatura jaisten joango da. Ez da baztertzen egunaren amaieran ekaitzak izan daitezkeenik. Gauean elur-kota jaisten joango da, eta 1.000 metrotik behera koka liteke. Tenperatura minimoak balio freskoetan mugituko dira (6-7 ºC kotaldean), eta hotz egingo du barnealdean (2 gradu, Gasteizen); maximoak eguerdian neurtuko dira: 17-18 ºC Bilbon, Donostian eta Baionan, eta 14 ºC Gasteizen eta Iruñean. 

Asteartean giro hotza nagusituko da eta zaparrada batzuk botako ditu. Prezipitazio gehien goizaldean espero dugu; orduak zaparradak edonon botako ditu eta goizeko lehen orduetan mardulak izan litezke ekialdean. Goizak aurrera egin ahala bustitzeko probabilitatea txikiagoa izango da eta egunaren bigarren partean zaparradak noizbehinka soilik botako ditu. Tenperaturak behera egingo du, eta mendebaldeko haizea nagusituko da.

Oso litekeena da 1.000 metrotik behera elurra egitea eta ez da baztertzen elur-maila 800 m inguruan egotea. Hain justu, AEMETek abisu horia ezarri du egun horretarako Pirinioetan, 15 cm-ko lodierak espero ditu 1.000 metrotik gora. 

Asteazkenean, hodeiak gailenduko dira zeruan, noizbehinka ostarteren bat zabal daitekeelarik, eta baliteke han-hemenka euri pittin bat egitea, batez ere hegoaldean. Hego-mendebaldeko haizeak gogor joko du, eta horri esker, tenperaturak gora egingo du eta beroenak 14-17 ºC artean ibiliko dira.  Azken orduetan haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egin, eta mendebaldean euritara jo dezake.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.