BIZKAIA
Sopuertan zabaldu nahi duten adin txikiko etorkinentzako zentroa geldiarazteko eskatu dute herritarrek
EITB MEDIA
Bizilagunen ordezkaritza tade bat Bizkaiko Batzar Nagusietan izan da, proiektuari buruz duten iritzia azaltzera. Foru Aldundiaren gardetasun eza salatzeaz gain, Sopuerta ez dela "herri arrazista" argi utzi nahi izan dute.
Helduen babesik gabe iristen dira adin txikiko etorkinentzat Bizkaiko Aldundiak Sopuertan zabaldu nahi duen zentroa eztabaidagai izan dute gaur, berriro ere, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aldundiaren asmoekin kezkatuta agertu diren herritarren bi ordezkarik parte hartu dute gaurko saioan, nabarmenduz baliabide nahikorik ez duela Sopuertak gazte horien emantzipazioa bultzatzeko. Aldundiak ez duela gaiari buruzko informazio gardenik eskaintzen ere salatu dute.
Aurka dauden bizilagunen izenean, Sergio Fernandezek hitz egin du Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean, esanez "herri oso baten izenean" ari dela hizketan. Salatu du Aldundiak informaziorik ez diela ematen, eta argudiatu du herrian, eta oro har eskualdean, ez dagoela kalitatezko zerbitzu edo baliabide nahikorik 14-18 urte arteko 30 gazteren beharrei erantzuteko.
Enkarterri 2030 plan estrategikoa ekarri du gogora, txosten horrek aitortzen duelako eskualdearen zaurgarritasun maila erdi-altua dela, besteak beste, mugikortasunari, osasun zerbitzuei eta aisialdiari begira. Hori dela eta, bizilagun talde honek uste du gabezia asko dituen bailaran zaila izango dela horrelako proiektu bati erantzun duina ematea.
Fernandez haserre agertu da, proiektuaz hitz egiteko eta bizilagunen ahotsa entzuteko aukerarik ez duelako eman Foru Aldundiak, eta zentzu horretan, gardentasun eza salatu du.
Argi utzi du Sopuertako herria ez dela "xenofoboa eta arrazista", eta azpimarratu du hango herritarren % 7 dela migratzailea. "Betidanik izan gara harrera herria", zehaztu du.
Sopuertako alkatetza duen EH Bilduk ere, gardentasun eza egotzi dio Aldundiari, eta herritarren ezinegona partekatzen duela esan du, batez ere, ez dutelako partekatzen martxan jarri nahi den eredua.
Bere aldetik, Bizkaiko Aldundiak proiektuari eutsiko diola argi utzi du berriro, adin txikikoak babesteko bete beharra duela argudiatuz.