Sua
Basurtu Ospitaleko Iturrizar pabiloia hustu dute sute baten ondorioz
EITB Media
Ospitaleko baliabideekin itzali dituzte garrak, eta ez da inor zauritu. Hala ere, pazienteetako batzuk Basurtuko beste pabiloi batzuetara eraman, eta beste batzuk Gurutzetako Ospitalera bidali dituzte.
Bilboko Basurtu Ospitaleko Iturrizar pabiloia 21:00etan hustu behar izan dute, eraikineko bigarren solairuan piztu den sute baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Sutearen berri izan ondoren, Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu dira, baina ospitaleko balibideekin ordu erdi eskasean itzali dituzte sugarrak, eta ez da inor zauritu, Osakidetzak ohar batean zehaztu duenez.
Ondoren, suhiltzaileek eraikina aireztatu dute eta barruko patioren batean egon zitezkeen bero-fokuak hoztu dituzte. Bitartean, segurtasun protokoloak jarraituz, pazienteetako batzuk Basurtuko beste pabiloi batzuetara eraman, eta beste batzuk Gurutzetako Ospitalera bidali dituzte. Zehazki, erditzeen eremua itxi dute, eta, badaezpada, bi paziente zentroko beste eremu batzuetara eraman dituzte, eta bost emakume Gurutzetako Ospitalera.
Sutearen arrazoiak argitzeko ikerketa abiatu dute.