EITB DATA
Familien herenak pertsona bakarrekoak dira
EITB MEDIA
Familien osaera dibertsifikatzen ari dela baieztatu du EITB Dataren azken txostenak. Eredu tradizionalekoak ez diren familia unitateak hazten ari dira, eta oso poliki bada ere, bikote batek eta seme-alabek osatutako familiak, jaisten.
Pertsona bakarreko familia-unitateak dira azken hamarkadan gehien hazi direnak. 2021ean, Hego Euskal Herriko familien herenak pertsona bakarrekoak ziren: % 29,1 EAEn, eta % 27,6, Nafarroan. Hamar urte lehenagoko datuekin alderatuta, % 4,1 egin dute gora datuok Euskadin, eta % 3,1, berriz, Foru Erkidegoan.
Familien osaerak eta etxeen tipologiak izan duten bilakaera aztertu du EITB Datak, eta 'Etxeen eta familien aldaketa' goiburua duen txostenean bildu ditu ondorioak. Gaur eman dute horien berri EITBko hedabideek.
Besteak beste, ikerketak erakutsi duenez, pertsona bakarreko hamar familiatik seitan 65 urtetik beherakoak dira familia osatzen duen pertsona bakarrak, eta horien erdiak baino gehiago gizonezkoak dira. Halaber, bakarrik bizi diren gainerakoak (% 40 inguru) 65 urtetik gorakoak dira, eta horien % 70 emakumeak.
Ostera, bikoteek eta 25 urtez azpiko seme-alabek osatutako familien kopurua jaitsi egin zen 2001 eta 2021 bitartean: jaitsiera % 2,5ekoa izan zen EAEn, eta % 5ekoa, berriz, Nafarroan. Ildo beretik, seme-alabarik gabeko bikoteen kopurua ere murriztu egin zen hogei urteko epe horretan: % 2,1 murriztu zen EAEn, eta % 4,4, Nafarroan.
Azkenik, Europako herrialdeetako datuei erreparatuta, zenbait datu deigarri utzi ditu ikerketak: EBko familien % 70ek ez dute seme-alabarik, eta Danimarkan, Finlandian, Suedian edota Alemanian familien % 40 pertsona bakarrekoak dira.