Trafikoa
Auto-ilarez jositako goiza EAEko errepideetan, baina zirkulazioa normaltasunera itzuli da
EiTB Media
Goizean 10 kilometroko auto-ilarak izan dira Muskizen eta seikoak Irunen, baina eguerdirako normaltasunera itzuli da errepideen egoera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aste Santuko Irteera Operazioa tarteko, ibilgailu andana dabil EAEko errepideetan, eta hala, sortu dira aurreneko arazoak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. 13:00etan, pilaketa handiak zeuden, 10 kilometrokoak, Bizkaiko eta Kantabriako mugan, Muskiz (Bizkaia) parean eta betiere Santanderreko noranzkoan. Hala ere, 14:40rako trafikoa normaltasunera itzuli da.
Autobide berean, 6 kilometroko ilarak izan dira AP-8an, Irun parean (Gipuzkoa) eta Baionarako bidean. AP-8ko Zarauzko ordainlekuan ere pilaketak sortu dira, 2 kilometro ingurukoak, baina eguerdi bueltarako bukatuta zeuden jada.
Halaber, Araban, AP-1 eta A-1 errepideek bat egiten duten lekuan (Armiñongo lotunea) 4 kilometroko pilaketak sortu dira, Burgosera bidean. Dena dela, 12:10 aldera bukatuta zeudela jakinarazi du Trafiko Zuzendaritzak.
¿#Autopilaketak AMAITUTA.
— Trafiko (@trafikoaEJGV) March 28, 2024
¿Retenciones FINALIZADAS.#AsteSantua #Trafikoa #A1 #Ap1 #Armiñon
Hain justu, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak azpimarratu duenez, Ostegun Santuko goiza izan ohi da Aste Santuko irteera operazioko unerik konplikatuena errepideetan, bereziki 09:00etatik 15:00etara.
Ibilgailuen joan-etorria gorabehera, gaur goizean ez da istripu larririk gertatu.
Lehen egunak utzitakoak
Atzo hasi zen ofizialki Aste Santuko oporretako Irteera Operazioa. Aurten, milioi bat joan-etorri baino gehiago espero dira: 530.000 desplazamendu EAEn sartzeko eta beste hainbeste irteteko, iaz baino apur bat gehiago.
Asteazken arratsaldean AP-8 autobidea itxita egon zen Galdakaon, Irungo noranzkoan, istripu baten ondorioz. Kamioi batek autobideko informazio-panel bat jo zuen, panelean kalte handiak eraginez. Erortzeko arriskua zegoenez, bidea itxi egin zuten, badaezpada, eta azkenean errepidera jausi zen.
Gidariek ez dute meteorologia lagun izango. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, fronte baten iritsierak giro euritsua, zaparrada mardulekin, eta hegoaldeko haize zakarra utziko ditu. Hain zuzen ere, Trafiko Zuzendaritzatik zuhurtzia eskatu dute.
Gomendioak
Istripuak saihesteko, honako gomendioak eman ditu Trafiko Zuzendaritzak:
- Bideari ekin baino lehen trafikoaren egoera kontsultatzea —Trafikoaren webgunean, X sare sozialeko profilean eta 011 telefono zenbakian—.
- Eguraldiaren iragarpena begiratzea, eta ibilgailua eta gidatzea baldintzetara egokitzea.
- Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
- Alkohol eta drogarik ez gidatzean.