Itxi

Udako ordutegia

Ordu aldaketa, larunbatetik iganderako goizaldean: 02:00etan 03:00ak izango dira

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lo egiteko ordubete gutxiago izango dugu, eta beranduago argitu eta ilunduko du eguna. Azken urteotan, Europako Batzordeak ordu aldaketa bertan behera uzteko hainbat ahalegin egin dituen arren, gutxienez 2026ra arte egongo da indarrean.

Aldaketa larunbatetik igandera doan gauean egin beharko dugu. Artxiboko argazkia: EFE

Asteburu honetan, larunbatetik iganderako goizaldean bukatuko da neguko ordutegia. Ordulariak ordubete aurreratu beharko dira orduan (02:00etan 03:00ak izango dira), udako ordutegiari hasiera emateko, urriaren 27ra arte.

Lo egiteko ordubete gutxiago izango dugu, eta beranduago argitu eta ilunduko du eguna. Udaberria iristean, bestalde, 3 bat minutu luzatuko dira egunak: minutu eta erdi goizago argitu eta minutu eta erdi beranduago ilunduko du eguna.

Energia aurrezpena

Ordu aldaketaren Europako zuzentarauari jarraikiz, EBko estatu guztietan aplikatuko da ordu aldaketa, energia aurrezteko, neurri horren eraginkortasunak sortu dituen zalantzak gorabehera.

IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Espainiako Institutuak egindako kalkuluen arabera, 300 milioi euro aurreztuko dira Espainiako Estatuan argindarrean, % 5. Horietako 90 milioi Espainiako Estatuko etxeetan aurreztuko dira (etxe bakoitzean 6 euro, gutxi gorabehera), eta gainerako 210 milioiak, beste eraikin batzuetan zein industrian.

Alabaina, iturri berberak zehaztu duenez, horrekin lotutako txosten berriena 2015ekoa da, eta, beraz, gaur-gaurkoz ez dago frogatuta ordu aldaketak energia aurreztea bermatzen duenik.

Ordu aldaketak, noiz arte?

2018an ekin zion Europar Batasunak ordu aldaketaren gaineko eztabaidari. Orduan, Europako Batzordeak herri galdeketa egin zuen, herritarrei ordu aldaketa egiteari uzteko proposamenaz galdetzeko —% 80 alde agertu ziren—.

Emaitza horiek oinarri, Finlandiak eskatuta, Batzordeak proposatu zuen 2019ko martxokoa izatea azken ordu aldaketa, baina adostasunik eza nagusitu zen orduko hartan.

Gainera, nahiz eta Europako Batzordea alde agertu, aurtengo martxoan Europako Parlamentuko Garraio eta Turismo Batzordeak atzeratu egin du ordu aldaketaren behin betiko bukaera, estatuek denbora gehiago izan dezaten udako edo neguko ordutegiaren artean erabakitzeko.

1974an orokortu zen ordu aldaketa, petrolioaren lehen krisiaren ondotik. Zenbait herrialdek ordulariak aurreratzea erabaki zuten orduan, eguzki-argia hobeto aprobetxatze aldera, eta argindar gutxiago kontsumitzeko helburuarekin. 1981ean egin zen ofizial ordu aldaketa.

Europan piztutako eztabaida gorabehera, gutxienez 2026ra arte jarraituko dute indarrean ordu aldaketek, bai neguko ordutegiari dagokion aldaketa (urriko azken igandean egin ohi da), bai udakoari dagokiona (martxoko azken igandean egin ohi da).