Arrazakeria Sestaon
"Tximu madarikatua" eta "Beltz madarikatu zikina", Majadahondako atezainak salatu dituen irainetako batzuk
agentziak | eitb media
Hala ere, epaileak aktan jaso duenez, "epaile taldeko inork ez genituen keinuak edo irainak entzun edo ikusi".
"Tximu madarikatu bat zara" eta "Beltz madarikatu zikina" izan ziren Cheikh Kane Sarr Rayo Majadahondaren atezainak atzo Sestao Riverren aurkako partidan epaileari salatu zizkion irainetako batzuk, epailearen aktan jasota dagoenez.
"Partidaren 84. minutuan, eta kanpoko taldeko 13 zenbakidun jokalariak (Sarr) jakinarazi didanez, ikusleen arteko zale batzuek, etxeko taldeko zaleak animo kantuengatik eta arropagatik, hauxe esan zioten: 'Tximu madarikatu bat zara', 'Beltz madarikatu zikina', tximuaren keinuak eginez", azaldu du Francisco Garcia Riesco epaile asturiarrak aktan.
Epaileak gehitu duenez, "joko-zelaian non geunden kontuan izanda, epaile taldeko inork ez genituen aipatu keinuak edo irainak entzun edo ikusi".
Epailearen agirian zehaztutakoaren arabera, "84. minutuan, kanpoko taldeko jokalariek joko-zelaia uztea erabaki zuten", eta "aldagelen tunelean, kanpoko taldearen ordezkariak adierazi dit ez itzultzea erabaki dutela eta jokalariek ez zutela partiduari berriro ekiteko asmorik".
"Ezin izan genuen arrazakeriaren aurkako protokoloa martxan jarri, kanpoko taldeak uko egin baitzion jokatzen jarraitzeari", gaineratu zuen epaileak.
Cheikh Kane Sarr jokalaria txartel gorria aterata kanporatu zutela ere jasotzen du aktak: "Bertako taldeak gola sartu ostean hesiaren gainetik jauzi egin, atearen atzetik zelaia utzi, eta bertan zegoen ikusle baten aurka indarkeriaz oldartzeagatik".
"Harmailan zegoela, aipatu jokalariak indarkeriaz heldu zion bertan zegoen ikusle bati, taldekideek eta beste zale batzuek banatu zuten arte. Kanporatua izan zenean, nire aurka oldartu zen indarkeriaz, eraso egiteko asmo argiarekin, eta taldekideek eutsi behar izan zioten", azaldu du epaileak aktan.
"Diziplina arloko erabakiak aktan oinarrituta hartuko dira"
Espainiako Futbol Federazioak aurreratu du epailearen aktan jasotakoa hartuko dela oinarritzat partidan gertatutakoarekin lotutako erabakiak hartzeko.
"Epailearen aktan oinarrituta hartuko dira diziplina arloko erabakiak, eta dagokion organoari helaraziko zaio dagozkion erabakiak har ditzan", zehaztu du Federazioak.