Kopako finala
Erauntsi zuri-gorria Sevillara bidean da
EITB Media
60.000 eta 70.000 zale artean espero dituzte Andaluziako hiriburuan, baina erdiek baino ez dute sarrera hitzorduaz Cartujan bertan gozatzeko. Jarraitzaile batzuk Sevillan daude jada, baina gehientsuenek gaur-biharretan egingo dute bidaia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hegazkinez, autobusez, trenean, autoz, taxian, autokarabanarekin... Garraiobide guztiak dira baleko helmugara iristeko: Sevillan Errege Kopako finala bertatik bertara ikusteko. Larunbatean da Athletic eta Mallorcaren arteko partida, Cartujan, baina dagoeneko iritsi dira Athleticzale batzuk. Gehienek gaur eta bihar artean ekingo diote bideari.
Sevillako Merkataritza Ganberaren arabera, 60.000-70.000 jarraitzaile zuri-gorri izango dira egunotan Andaluziako hiriburuan, baina aurreikuspen arabera, erdiak baino ez dute sarrera (Athleticek 20.000 zituen gordeta, eta beste 10.000 zeuden lurralde federazio, klub eta gainerako konpromisoentzat).
07:00etan abiatu da Bilboko Aireportutik Sevillarako lehen hegaldi zuzena, eta beste hiru daude gaurko programatuta; zazpi, ostiralean. Larunbatean beste sei hegaldi aterako dira, hiru berezi eta beste hiru ohikoak. Gainerakoan, beste aireportu batzuetatik konexioa eginda irits daiteke Sevillara. Bada bidaia luzeagoa egingo duenik: argazkian ageri diren jarraitzaileok Marrakexerako txartela zuten gaurko, eta handik Andaluziara egingo dute. Motxila baino ez dute aldean, eta sarrerarik ez, baina ilusiorik ez zaie falta, Radio Euskadiri kontatu diotenez.
Marrakexera doazen zale zuri-gorriak, aireportuan. Argazkia: Radio Euskadi
Sevillako Aireportuak 100 hegaldi baino gehiago (54 iritsiera eta 52 irteera) hartuko ditu ostiral eta igande bitartean, denak Kopako finalaren harira antolatukoak. Aparteko zerbitzu horrek aireportuaren ohiko zerbitzuarekin bat egin ahal izateko, larunbatetik iganderako gauean zabalik izango dira instalazioak.
Dozenaka agentziek eta autobus konpainiek joan-etorriko bidaiak antolatu dituzte. Txartelak agortuta daude. Bada harago joan denik: bost zalek Londreseko autobus klasiko bat moldatu dute Sevillara joateko. 70ko hamarkadako ibilgailuari behar zituen doikuntza mekanikoak egin dizkiote, eta asteartean abiatu ziren Lezamatik (Bizkaia).
Autobus klasikoan doan zaleetako bat. EFE
Renfek Bilbo-Sevilla tren konexioa indartu du (geldialdia egiten du Madrilen). Guztira, 17.000 billete zeuden eskuragarri, baina banaka batzuk kenduta, guztiak saldu dituzte.
Horiei guztiei auto pribatuan, taxian ala autokarabanan joango direnak batu behar zaizkie. Autokarabanentzako hainbat aparkaleku daude Sevillan, baina bada bat 150 ibilgailu hartzeko tokia duena, Athletic Hiriatik bost minutu eskasera.
BlaBlaCar auto partekatuko zerbitzuak, esaterako, 200 bidaia baino gehiago ditu aurreikusita Bizkaitik Sevillara. Udaberriko asteburuetan 10 baino gutxiago izaten dira. Hori horrela, joan den asteburuan baino % 50 bidaiari gehiago helduko dira plataforma horren bidez.
Erauntsi zuri-gorriak 60.000 ostatu plaza ditu Sevillan. Sevillako Hotelen Elkartearen arabera, "lepo" edukiko dituzte plaza guztiak. "Oso okupazio altua dugu, espero zen bezala, litekeena da % 100era iristea. Badaude logelak eta oheak, baina zaila da topatzea. Oso gutxi geratzen dira, hori bai", azaldu dute elkarteko iturriek. 210 hotel daude Sevillan bertan.
Panorama ikusita, askok eta askok hiriburutik kanpoko ostatuak aukeratu dituzte, edo hegoalderago dauden udalerrietakoak.