Larrialdi klimatikoa
Mundu osoko CO2 isurien % 80 erregai fosilen eta zementuaren 57 ekoizleri lotuta dago
Agentziak | EiTB Media
Gehien kutsatzen duten enpresen artean hauek nabarmentzen dira: Saudi Aramco, Gazprom, Coal India, National Iranian Oil Company, BP, Shell, Total Energies, Eni, RWE edo Repsol.
2016ko Parisko Akordiotik 2022ra bitartean atmosferara isuritako karbono dioxidoaren (CO2) % 80 erregai fosilen eta zementuaren arloko 57 ekoizleri lotuta dago, InfluenceMap ikerketa zentroak gaur argitaratutako azterketa baten arabera. Are gehiago, 117 enpresa dira emisio guztien % 88ren arduradun.
Gehien kutsatzen duten enpresen buru Saudi Aramco petrolio enpresa ageri da (% 4,8), Gazprom Errusiako energia konpainiaren (% 3,3), Coal India ikatz ekoizlearen (% 3) eta National Iranian Oil Company petrolio eta gas konpainiaren aurretik (% 2,8).
Horiez gain, enpresa hauek nabarmentzen dira: BP, Shell, Total Energies, Eni, RWE edo Repsol.
Erregai fosilen sektoreko enpresa gehienek Parisko Akordioaren hurrengo zazpi urteetan gehiago ekoitzi zuten, aurreko zazpietan baino, inbertitzaileei, enpresei eta hedabideei energiari eta klima aldaketari buruzko analisiak eskaintzen dizkien taldearen arabera.
Halaber, Industria iraultzatik aurrera isuritako CO2 emisio guztien erantzule 78 konpainia izan direla ondorioztatu du.
Petrolio, gas, ikatz eta zementu enpresa handiek isuritako karbono dioxido kopurua zenbatzeko Carbon Majors izeneko datu basea erabili dute InfluenceMap zentroko ikertzaileek.