Itxi

Kopako finala

Kopa jomugan, erauntsi zuri-gorriaren zati handi bat Sevillan da dagoeneko

EITB Media

Leer en Castellano

Andaluziako hiriburuko kaleak zale zuri-gorriz bete dira ostiraletik, oraindik larunbatean iritsiko denik ere baden arren. Athleticeko jokalariek zaleen babesa jaso ahal izan dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Sevillan gorria eta zuria nagusitzen doaz, zaleen olatua handituz doan heinean. Zale zenbaitzuk Andaluziako hiriburuan daude jada, eta larunbatean ere beste asko iristea espero da. 

Bizkaian, ordea, Athleticeko ehunka zale Lezamara bertaratu dira ostiral eguerdian, talde zuri-gorria agurtzeko. Entrenamendua egin du bertan taldeak, eta Sevillarako bidea hartu du ondoren, larunbatean Kopako finala jokatzeko. Horietako asko, baina, atsekabetuta atera dira handik, ezin izan dutelako taldea agurtu, autobusak ezohiko bide bat hartu baitu. Horren aurrean, barkamena eskatu du klubak, eta argitu du autobusak ez duela ohiko bidea egin, Ertzaintzak hala aginduta, segurtasun arrazoiak tarteko.

Sevillako Merkataritza Ganberaren arabera, 60.000-70.000 jarraitzaile zuri-gorri izango dira egunotan Andaluziako hiriburuan, baina aurreikuspen arabera, erdiek dute sarrera. Athleticek 20.000 zituen gordeta, eta beste 10.000 zeuden lurralde federazio, klub eta gainerako konpromisoen artean banatzeko. 

Guztira, 200 autobus abiatuko dira Bilbotik, denak mukuru beteta. 07:00ak jo aurretik, sei autobus atera dira EITBk Bilbon duen egoitzatik, 420 bat pertsonarekin, gehienak sarrera barik. 

Bilboko aireportutik zazpi hegaldi izan dira gaur Sevillara, eta larunbatean beste sei hegaldi aterako dira, hiru berezi eta beste hiru ohikoak. Gainerakoan, beste aireportu batzuetatik konexioa eginda iritsiko dira batzuk Sevillara. 

Sevillako aireportuak, bestalde, 100 hegaldi baino gehiago (54 iritsiera eta 52 irteera) hartuko ditu igandera bitarte, denak Kopako finalaren harira antolatutakoak. Aparteko zerbitzu horrek aireportuaren ohiko zerbitzuarekin bat egin ahal izateko, larunbatetik iganderako gauean zabalik izango dira instalazioak. 

Renfek Bilbo-Sevilla tren konexioa indartu du (geldialdia egiten du Madrilen). Guztira, 17.000 billete zeuden eskuragarri, baina guztiak saldu dituzte, banaka batzuk kenduta. 

Sevillako Udalaren aurreikuspenen arabera, 2.000 ibilgailu inguru helduko dira hirira, auto pribatuak, taxiak eta autokarabanak (700 bat) tartean. Horietako batzuk atzo abiatu ziren San Mameseko zabalgunetik: 

BlaBlaCar autoa partekatzeko zerbitzuak, esaterako, 200 bidaia baino gehiago ditu aurreikusita Bizkaitik Sevillara. Udaberriko asteburuetan, 10 baino gutxiago izaten dira. Hori horrela, joan den asteburuan baino % 50 bidaiari gehiago helduko dira plataforma horren bidez Andaluziako hiriburura. 

Erauntsi zuri-gorriak 60.000 ostatu plaza ditu Sevillan. Sevillako Hotelen Elkartearen arabera, "lepo" edukiko dituzte plaza guztiak. "Oso okupazio altua dugu, espero zen bezala, litekeena da % 100era iristea. Badaude logelak eta oheak, baina zaila da topatzea; oso gutxi geratzen dira, hori bai", azaldu dute elkarteko iturriek. 210 hotel daude Sevillan bertan. 

Panorama ikusita, askok eta askok hiriburutik kanpoko ostatuak aukeratu dituzte, edo hegoalderago dauden udalerrietakoak. 

Bideoak (2)