OSASUNA
Frantziako Gobernuak 5 euroko isuna jarri nahi die medikuaren hitzordura joaten ez direnei
agentziak | eitb media
Frantziako mediku elkartearen arabera, abisatu gabe medikuaren hitzordura joaten ez direnek 27 milioi euroko kostua eragiten dute.
Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak iragarri du 2025etik aurrera 5 euroko isuna jarri nahi diela medikuaren hitzordura joaten ez direnei, betiere aurretik ez badute 24 orduko tartearekin abisatzen.
Attalek osasun publikoa hobetzeko proiektu batzuen inguruan hedabideei emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, pazienteak egin nahi ditu egoera horien "arduradun", eta neurria 2025eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, Parlamentuak onartuz gero.
Frantziako mediku elkartearen arabera, abisatu gabe medikuaren hitzordura joaten ez direnek urtean 27 milioi euroko kostua eragiten dute.
Neurria onartzen badute, pazientearen bankuko txartelean kargatuko dira aipatutako 5 euro horiek, aurrez txartelaren datuak eman beharko baititu.