EGURALDIA
Itsasaldeko arriskuagatik abisuak ezarri dituzte gaurko eta biharko, lau metroko olatuak espero dira eta
EITB MEDIA
Gaur arratsaldean aktibatuko dute lehena, nabigazioagatik. Biharko, kostaldean inpaktua izan dezakeela eta, beste bi sartuko dira indarrean. Itsasgorarekin 5 metro igoko da marea, aurreikuspenen arabera.
Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Larrialdiei aurre egiteko Zuzendaritzak lau abisu hori ezarri ditu gaurko eta biharko itsasaldeko arriskuagatik. Izan ere, lau metroko olatuak espero dira, eta itsasgoran, marea 5 metro igoko da.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean aktibatuko dute lehen abisua, 15:00etatik gauerdira. Lehen bi milietan nabigatzeari eragingo dio. Olatuen altuera adierazgarria bi metro ingurukoa izango da, eta azken orduetan 2.5-3 m-ra igoko da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metroko olatuak altxatuko ditu, eta azken orduetan 2-2.5 m ingurukoak.
Haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatu eta indartu egingo da, 5-6ko indarrarekin. Itsaskia handia eragingo du, itsaso zakarreko guneekin. Ipar-mendebaldeko haize-boladak 70-90 km/h ingurukoak izan daitezke itsasertzeko lekurik haizetsuenetan.
Biharko, asteartearekin, guztira hiru abisu egongo dira indarrean: bi kostaldeko inpaktuagatik, itsasgorarekin bat eginda, eta bestea, nabigaziorako. 05:00etatik 07:00etara, 3,5 metroko olatuak espero dira. Itsasgora 05:46ean izango da, eta estimatutako marearen altuera 5,03 metrokoa izango da.
Horrez gain, gauerditik 18:00ak arte, nabigaziorako beste abisu hori bat aktibatuko dute. Goizaldean 3,5-4 metroko olatuak egongo dira. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-3,5 m inguruko olatuak altxatuko ditu.
Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin, 6ko tarteren batekin; arratsaldean baretu egingo da, eta 3ko indarra izango du. Itsaskia edo itsaski handia eragingo du, itsaso zakarreko guneren batekin; arratsalde-gauean itsaskirria.
Astearte arratsaldean (17:00-19:00) kostaldeko inpaktuagatik beste abisu hori bat izango da, 3,5 metroko olatuengatik. Itsasgora 18:08rako dago aurreikusita, estimatutako marearen altuera 4,78 metrokoa dela.