LAPURRETAK
Ganadua lapurtzen zuen talde bat desegin dute Nafarroan, eta hiru pertsona atxilotu dituzte
EITB MEDIA
Atxilotuek abeltzaintzako ustiategien perimetroko hesia moztu eta ardi-aziendan lapurtzen zuten. Guardia Zibilak delitu hauek egotzi dizkie: talde kriminaleko kide izatea, indarra erabiliz lapurtzea, ebasketa eta animaliei tratu txarrak ematea.
Nafarroako Guardia Zibilak abelburuak lapurtzen zituen talde bat desegin du Foru Erkidegoko hainbat tokitan.
27 eta 33 urte bitarteko hiru gizon atxilotu dituzte, eta 28 eta 32 urteko bi gizon ikertzen ari dira talde kriminaleko kide izatea, indarra erabiliz lapurtzea, ebasketa eta animaliei tratu txarrak ematea egotzita.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, abeltzaintza-ustiategi batzuetako bi arduradunen salaketen ondorioz hasi zen ikerketa, abelburu ugari lapurtu baitzizkieten.
Egitateak modus operandi berarekin egin ziren, hesi perimetrala moztuta. Horietako batean, gainera, barruan zeuden hainbat txakur jipoitu eta harrikatu egin zituzten, lapurreta zaildu ez ziezaieten.
Ikerketaren harira, Lizarrako merindadean finka bat aurkitu eta ikuskatu zuen Guardia Zibilak. Bertan, ardi-abelburu ugari zeuden, abeltzaintzako ustiategiaren erregistrorik gabe, baimenik gabe eta nekazaritza-ustiategiko sendagaien erregistro-libururik gabe. Animaliek ez zuten identifikazio ikusgarririk.
Poliziaren datuak aztertuta, jakin zuten finka horren arduradunetako bat aldez aurretik identifikatu zutela Palentziako probintzian, ardiak garraiatzen ari zenean, jatorria justifikatu ezinik.
Lortutako informazio guztia aztertuta, ikerketaz arduratzen ziren agenteek talde egituratu bat zela ondorioztatu zuten, modu antolatu eta koordinatuan jarduten zuena.