Itxi

Indarkeria matxista

24 urteko gazte bat espetxeratu dute, Santurtzin bi sexu-eraso egitea egotzita

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Emakume bat polizia-etxera joan zen igandean, eta goizaldean etxebizitza batean sexu-erasoa egin ziotela kontatu zuen. Etxe horretara joan zirenean, gizon berak beste emakume bati egindako bigarren sexu-eraso bat egiaztatu zuten ertzainek.

Ertzaintzak joan den igandean Santurtziko (Bizkaia) etxebizitza batean bi emakumeri sexu-erasoa egitea leporatuta atxilotutako 24 urteko gazte bat espetxera bidali du epaileak gaur.

Ertzaintzak igandean, 07:30ean, izan zuen gertatutakoaren berri. Emakume bat ertzain-etxera joan zen, eta goizaldean Santurtziko etxebizitza batean sexu-erasoa jasan zuela kontatu zuen, Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez.

Ertzainek biktimari lagundu zioten hasiera batean, eta sexu-erasoen protokoloa martxan jarri zuten.

Etxe horretara gertatutakoari buruzko informazioa biltzera joan zirenean, ertzainek beste emakume batek gizon beraren aldetik jasandako bigarren sexu-eraso bat egiaztatu zuten.

Bi biktimek salaketa jarri zuten sexu-erasoengatik, eta Ertzaintzak gizona arratsaldean bertan atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuen.

Atxilotua Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten astelehenean, eta epaileak behin-behinean espetxeratzea bidali du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.