ATHLETICEN OSPAKIZUNA
Indarrean da Bilbon larrialdi fasearen 0 egoera, pertsona kopuru handia elkartzeak dituen arriskuengatik
EiTB Media
Eusko Jaurlaritzaren neurria gaur 15:30ean sartu du indarrean, Bilbon eta itsasadarraren bi ertzetan bilduko diren milaka eta milaka pertsonen segurtasuna bermatzeko.
Milioi bat pertsona inguru biltzea aurreikusten da gaur Bilbon eta, oro har, itsasadarraren bi ertzetan, Athleticen garaipena ospatzeko. "Pertsona horien segurtasuna arriskuan jar dezaketen gorabeherak gertatzeko aukeraren aurrean", Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) larrialdi-fasearen 0 egoera aktibatu du 15:30etik aurrera.
Ohar bidez, Segurtasun Sailak azaldu du 0 fasea "oraindik gertatu ez diren larrialdi-egoeretan" aktibatzen dela, "ekintza taldeek eta ekintza zerbitzuek dagozkien neurriak" har ditzaten. Kasu honetan, erantsi dute zabaldutako idatzian, larrialdietarako zerbitzuak jada ari dira "egoeraren jarraipen etengabea eta koordinatua egiten", horretarako antolatutako lantalde ezberdinen bidez.
Hasi Getxon eta Bilboko udaletxearen pareraino, mukuru dago ordu honetan itsasadarraren erribera, erauntsi zuri-gorria dela eta. Berez, 16:30etik aurrera da hitzordua, orduan abiatuko baita Athletic Gabarra Getxoko Abrako Itsas Klubaren pantalanetik. Baina zaleak askoz arinago joan dira, ikuskizunaz leku pribilegiatutik gozatzeko asmoarekin.
Goizean ETB1en egindako elkarrizketan, Rodrigo Gartzia Segurtasun sailburuordeak esan du Euskadin aurrekaririk ez duen segurtasun-dispositiboa prestatu dutela.
Orotara, 1.200 pertsona inguruk osatuko dute Segurtasun Gida Plana, "airez, lurrez eta itxasoz" Getxotik Bilborainoko bidea zaintzeko. Futbol jokalariek egingo duten ibilbide osoan 47 gune kritiko atzeman dituzte, eta hor jarriko dute arreta berezia.