Itxi

Jarraipen zabala

Nazioarteko hedabideek bat egin dute Athleticen gabarraren ospakizunarekin

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nazioarteko hedabide batzuek Athleticen ospakizunaren jarraipena egin zuten, idatziz, argazkien bidez edo gabarraren jaitsiera zuzenean emanez.

Gabarra, trainerez lagunduta.. Argazkia: EFE

Athleticek 25. Errege Kopa irabazi zuen iragan larunbatean Mallorcari penaltietan irabazita. Garaipen horrek titulu bat gehiago emateaz gain, gabarra ospetsuaren ospakizuna ere ziurtatzen zuen ostegun honetan, apirilaren 11n, 40 urte geroago.

Bilbok aurreikuspenak bete zituen, eta 1984ko ospakizunean bezala (taldeak Liga eta Kopa irabazi zituen), milioi bat zale inguru elkartu ziren Bilboko itsasadarrean zehar, jokalariei eta teknikariei harrera egiteko.

Ekitaldiak oihartzun handia izan du Estatuko prentsan, baina haratago ere egin du. Horrela, nazioarteko hedabide batzuek Athleticen ospakizunaren jarraipena egin zuten, idatziz, argazkien bidez edo gabarraren jaitsiera zuzenean emanez.

France24k azpimarratzen zuenez, "milioi bat zalek baino gehiagok bete dituzte hiriko kaleak", eta Daily Sportsek, berriz, "inoiz ikusi gabeko ospakizuna" izan zela esan zuen.

'France24'ren albistea gabarraz.

'Daily Sports'en albistea gabarraz.

Balls.iek gabarra itsasadarretik jaitsi zeneko unea kontatu zuen, "irudi zoroz" inguratua. "Taldeak sekulako babesa izan zuen emozio handiko momentuekin", azpimarratu zuen hedabideak.

Daily Mail eta Daily Star hedabideek ere bat egin zuten gabarraren festarekin: "Ibaiaren bi ertzak bete eta bazter guztietan sartzen zen jendea, baita kale guztietako balkoietan ere, eta banderak eta bufandak astintzen zituzten" eta "ia mende erdiko lehen ohorea une garrantzitsua izan zen Bilborentzat".

CNNren arabera, Athletic "munduko futbol klub paregabea" da. Albistea Txinara ere iritsi zen, eta Xinhua agentziak ere kronika bat eskaini zion.

Bestalde, All Football, Sky Sports edo Independent hedabideek, besteak beste, ospakizuna zuzenean ikusteko aukera eman zuten.