Nafarroa
67 urteko parapentista zaragozar bat hil da Irunberrin, erorita
EITB Media
Lehen hipotesien arabera, gizonak beste parapentista batekin talka egin du airean, eta goitik behera erori da, Arangoiti mendiaren iparraldeko hegalean, Irunberrin. Beste parapentista onik atera da.
Zaragozako 67 urteko gizon bat hil da larunbat arratsaldean Irunberrin, Arangoiti mendiaren iparraldeko hegalean parapentean hegaldi bat egiten ari zela istripua izan eta amilduta.
SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak 14:54an jaso du ezbeharraren berri, eta Zangozako suhiltzaileak, suhiltzaileen erreskate teknikoko taldea (GRT), Zangozako mediku talde bat, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat, helikoptero medikalizatu bat eta Zangozako polizia-etxeko Foruzaingoaren patruilak mobilizatu dituzte istripuaren tokira.
Lekukoen arabera, hildakoak beste parapentista batekin talka egin du airean, kontrola galdu du eta amildu egin da, Arangoiti mendiaren iparraldeko hegalean, Irunberriko udalerrian, lurra jo arte. Lekuko horiek esandakoaren arabera, beste parapentista onik atera da.
Bertara iritsi direnean, larrialdi-zerbitzuek bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak egin dizkiote, baina ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko. Gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egitera. Foruzaingoaren Brigada Judizialak ikerketa abiatu du istripuaren inguruko guztiak argitzeko.