Itxi

Indarkeria matxista

Jaurlaritzak urtero 5.760 euro emango dizkie indarkeria matxistak umezurtz utzitako adingabeei

EITB Media

Leer en Castellano

Laguntza 25 urtera arte luzatuko da ikasketa arautuak egiten dituztenentzat edota mendekotasuna edo desgaitasuna aitortuta dutenentzat. Gainera, azken bi kasu horietan zenbatekoa bikoitza izango da (11.520 euro). Dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean eskatu ahalko dira laguntzok.

Indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira seme-alabak.

Indarkeria matxistaren testuinguruan, gizon batek umezurtz utzitako adingabeei biktima zuzen gisa aitortzeko eta egindako kaltea konpontzen laguntzeko dirulaguntzak emango ditu aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak. Laguntzok arautzeko dekretua gaur onartu dute gobernu bileran. 

Hala, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen baitan, 18 urtez beherako umezurtzek 5.760 euro jasoko dituzte urtero, halako bi (11.520 euro) mendekotasunen bat edo % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta dutenek. Are gehiago, laguntza 25 urte bete arte jasotzen jarraitu ahalko dute bi kasutan: ikasketa akademiko arautuak egiten badituzte edota mendekotasuna edo desgaitasuna aitortuta badute. 

Gainera, dekretuak ohiz kanpoko neurri bat aurreikusten du: 10.000 euroko ordainketa bakarra, atzeraeraginarekin, 2003ko urtarrilaren 1az geroztik amarik gabe geratu diren guztiei.

Laguntzok jasotzeko honako baldintzak bete beharko dituzte biktimek: ama hil zuten urtean adingabea izatea, laguntza eskatzen den unean 21 urte baino gutxiago izatea, eta EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea. Dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik (oraindik ez dute zehaztu noiz izango den) eskatu ahalko dira laguntzok. 

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmen duenez, laguntzok "beste urrats bat" dira indarkeria matxistaren  biktima adingabeak "laguntzeko eta babesteko".