Epaiketa
Zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra onartu du Gipuzkoako bortxatzaileak Ordiziako sexu erasoagatik
Agentziak | EiTB Media
Gizon horren kontrako seigarren zigorra da, aurrez Beasainen, Lasarte-Orian, Andoainen, Tolosan, eta Anoetan egindako sexu erasoengatik kondenatu baitzuten.
Gipuzkoako serie bortxatzaileak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra onartu du bere emaztearen lehengusua den emakume bati, Ordiziako bere etxean, sexu erasoa egiteagatik 2017ko ekainaren 17an.
Bortxatzaileak jaso duen seigarren zigorra da honakoa, aurrez Beasainen, Lasarte-Orian, Andoainen, Tolosan, eta Anoetan egindako sexu erasoengatik kondenatu baitzuten.
Gaur goizean Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 1. Sekzioan egin den epaiketaren hasieran, Fiskaltzak 14 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen akusatuarentzat eta Clara Campoamor erakundeak osatu duen akusazio partikularrak, berriz, 15 urte.
Hala ere, gaurko saioan, auzipetuak gertaturikoa onartu du, akordioa lortu du akusazioekin eta horiek zigor eskaerak murriztu dituzte. Akusatuak bideokonferentzia bidez deklaratu du Palentziako La Moraleja espetxetik han betetzen ari baita beste sexu erasoengatik ezarri zizkioten zigorrak.
Gauzak horrela, zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote sexu erasoagatik, bizilekua bortxatzeagatik eta lesio delitu arinagatik.
Gainera, 2.700 euroko zenbatekoa duten isunak ordaindu beharko ditu eta biktimari 60.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio. Gainera, espetxe zigorra betetakoan, hamar urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du.
Gaurkoaz gain, beste bost aldiz zigortu dute sexu erasoengatik. Beasainen 2019an emakume bati egindako sexu erasoagatik 12 kartzela zigorra ezarri zioten. Gainera, bederatzi urteko espetxealdira kondenatu zuten Lasarte-Orian egindako sexu erasoaren harira. Azkenik, 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Andoainen, Tolosan eta Anoetan egindako hiru sexu erasorengatik.