Egoera larria
Thailandian gaixorik dagoen donostiarra "berehala" Euskal Herriratu beharko lukete, ospitalearen arabera
EITB Media
Familiak Margarita Robles Defentsa ministroarekin telefonoz hitz egin zuen astelehenean, eta Roblesek egoera aztertuko duela adierazi zien. Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala gaztearen senideei laguntzeko prest agertu dira.
Pankreatitisak jota Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean ospitaleratutako 36 urteko donostiarraren familiak premiaz Euskal Herriratzeko eskatu du, ospitaletik txosten bat jaso ondoren. Txosten horretan argitu zaie oraindik hegazkin medikalizatu batean eramateko aukera daoela , baina ohartarazi zaie "berehala hegan" eta "ahal den azkarren" egin beharko lukeela, "barne-odoljario larria izateko arriskua baitago".
Alexander Garcia Galas gaixoaren familiak Aireko Armadaren Ebakuazioko Unitate Medikoaren (UMAER) bidez Espainiaratzeko eskatu du, ekartzeko hainbat saiakera alferrikakoren ondoren.
Familiak EITB Mediari jakinarazi dionez, astelehenean Margarita Robles Defentsa ministroarekin telefonoz hitz egin zuen, eta horrek egoera aztertuko duela adierazi zien.
Senideek ez zuten lortu kontratatu eta ordaintzera iritsi ziren medikalizatutako hegazkin komertzialak gaztea Euskal Herriratzea. Familiak Defentsako unitate medikalizatu berezi horretan ikusten du hori lortzeko "azken aukera".
Ministroaren deiarekin "itxaropentsu" daude, baina aldi berean "oso kezkatuta" otsailaren amaieratik Thailandian dagoen donostiarraren egoera larria delako.
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi du foru erakundeak, ahal duen neurrian, familiari "laguntzeko" eskaintza egin duela. Era berean, Eneko Goia Donostiako alkateak berretsi du Udalak "etengabe" jarraitzen duela harremanetan Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzarekin, gaztearen familiari "laguntzen" saiatzeko.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Berasaluzek adierazi du ez dakiela gaztearen familia Aldundiarekin harremanetan jarri denik. Hala ere, kasua ezagutzen dutela eta "Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Sailarekin kudeaketaren bat egin dela" adierazi du.
Bestalde, Goiak adierazi du Donostiako Udala ere inplikatu egin dela eta "familiarekin harremana" duela. "Guk, lagun egin dezakegun neurrian, egin egingo dugu, baina ez dugu zuzenean familiaren eskaerarik jaso", ziurtatu duenez.
Gaurko Gobernu Batzarraren ostean, Goiak, kazetariek gai honi buruz galdetu diotenean, esan du "familiaren ordezkaritzarekin etengabeko harremanetan" daudela "gure esku dagoen guztian laguntzeko", eta "aldi berean" Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzarekin ere "etengabeko harremanetan" daudela.
Horren harira, "eskumen eta gaitasun kontu batengatik", "Espainiako Gobernuaren laguntza" behar dela esan du, kasu honi erantzuna ematen saiatzeko, eta jakin badakiela "Ordezkaritza gai honen gainean" dagoela, eta harremanetan dagoela Atzerri eta Defentsa ministerioekin.