Itxi

Eguraldia

Arratsaldean atertzera egingo du, eta asteburuan giro eguzkitsu, lehor eta freskoa izango da nagusi

EITB Media

Leer en Castellano

Datozen orduetan hodeitsu eta euri kontuekin jarraituko dugu lurraldearen iparraldean, baina orduek aurrera egin ahala, egonkortzera egingo du aroak. Biharkoa izango da egunik epelena (18 °C), ipar-ekialdeko haizeak tenperaturak jaitsaraziko baititu.

Astebururako eguzkia nagusitzen joango da. Argazkia: Josetxo Apeztegia (Sunbilla)

Udaberrian eguraldi aldakorra izan ohi da, eta azken egunak horren erakusle. Joan den asteburuan, txoko askotan 30 ºC-ak harrapatu zituzten, eta uda giroa izan zen nagusi. Asteon, ordea, umeletik eta freskotik izan du gehiago aroak. Bada, asteburua ate joka dugun honetan, beste aldaketa bat iragarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Eguraldiak egonkortzera egingo du, eta eguzkia izango dugu nagusi zeru gainetan; hori bai, berorik ez du egingo. 

Gaur, osteguna, hodeitsu, euritsu eta tenperatura freskoekin jarraituko dugu. Ipar-mendebaldeko haizeak hodei ugari pilatuko du gurean eta zaparradak botako ditu, batez ere goizean eta ipar partean. Arratsaldeak aurrera egin ahala, pixkanaka atertzera egingo du, eta ostarteak zabalduko dira. Hegoaldean, euria urria izango da, eta arratsaldetik aurrera, zerua urdinago ikusteko aukera izango da. Aurreko egunetan bezala, giro freskoa espero dugu, maximoak 10 eta 13 ºC artekoak izango dira orokorrean, eta balio minimoak egunaren bukaeran neurtuko dira (Gasteizen, esaterako, 4 ºC espero dira).

Ostiralean, eguraldi argia. Zerua, orokorrean, hodei gutxirekin egongo da, ipar isurialdean goizean behe-hodeien tarte hodeitsu batzuekin, eta egunsentian lainoguneekin barnealdeko bailaretan. Ekialdeko haizea ibiliko da; arratsaldean, ipar-ekialdetik finkatuko da eta tarteka bizi ibiliko da. Tenperatura maximoak igo egingo dira eta 17-20 ºC artekoak izango dira. Tenperatura minimoak, ordea, jaitsi egingo dira, eta baliteke Araba eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egitea.

Larunbatean ildo beretik jarraituko du aroak: egonkortasuna izango da lege, eta tenperatura freskoak. Zerua hodei gutxirekin egongo den arren, ipar isurialdean behe-hodeien tarte hodeitsuak sor daitezke. Haizeak ekialdetik joko du, eta arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da. Ondorioz, tenperatura maximoek beherako bidea egingo dute, eta ez dute 18 ºC-ko langa igaroko (barnealdean, 15 ºC). Minimoak, aldiz, pixka bat igoko dira (3-6 ºC artean).

Joeraren arabera, igandean ez da aldaketarik espero. Hauteskunde egunean, beraz, ez da euririk aurreikusten, eta giro freskoarekin jarraituko dugu. 

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.