Lapurreta Indautxun
Hainbat ikerketa-lerro zabalik, Bilbon banku bati pistolaz eraso zion lapurra aurkitzeko
EITB MEdia
Lapurreta 08:15ean jazo zen asteazkenean, Areiltza Doktorearen kalean dagoen banketxe batean. Gabardina eta ileordea soinean sartu zen bulegora, eta pistola eskuan, bankuko kutxa gotorra irekiarazi zien langileei.
Ertzaintzak hainbat ikerketa-lerro ditu zabalik, asteazkenean, Bilbon, banku bati pistolaz eraso zion lapurra aurkitzeko. Ertzaintzak segurtasun-kamerak aztertzen eta lekukoen informazioa biltzen jarraitzen du, besteak beste, ihesean lapurrak bahitu zuten gidariarena.
Gizonak 30.000 euro ostu zituen. Lapurreta Areiltza Doktorearen kalean (Indautxu auzoa) dagoen banketxe batean jazo zen, 08:15ean. Artean bulegoa ireki berria zen, eta banaka bat langile baino ez zeuden barruan.
Gizonak, ileordea eta gabardina bat jantzita eta pistola eskuan, banketxean zeuden hiru beharginak kutxa gotorra irekitzera behartu zituen. Ondoren, gela batean giltzapetu zituen, eta 30.000 eurotik gora eraman zituen.
Behin bulegotik kanpo, auto bat geldiarazi zuen eta, pistolarekin mehatxu eginez, Basurtu alderantz eraman zezan derrigortu zuen. Autotik jaitsi aurretik, lapurrak 100 euro eman zizkion gidariari.
Lapurretaren berri izan eta berehala, bilatzeko lanei ekin zien Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Basurtu auzoa arakatu zuten, izan ere, Basurtuko Ospitaleko komun batzuetan aurkitu zituzten lapurraren ileordea eta gabardina.
Bilboko Intermodaletik ateratzekoak ziren autobusak miatzen ere ibili ziren agenteak.