Eguraldia
Astea zerua estalita eta freskatzen hasiko da, eta asteartean euritara joko du
EITB Media
Eguneko tenperaturak behera egingo du, eta gauekoak leunagoak izango dira hodeiei esker, astelehenean zerua estaliz joango baitira. Asteartean euritara egingo du, eta 1.000 metrotik gorako kotetan elurra egingo du.
Hodeiak eta ostarteak izango dira nagusi astearen hasieran isurialde atlantikoan, eta oskarbi egongo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainerako tokietan; hala ere, goizaldean eta iluntze aldera, ugariagoak izango dira hodeiak, eta euri pittin bat ere egin dezake han-hemenka.
Euskalmeten arabera, termometroek beherantz jarraituko dute, eta elurra ere egin dezake 1.100-1.300 metrotik gora. Haizeak iparraldetik eta ipar-ekialdetik joko du, tarteka zakar.
Tenperaturei dagokionez, Donostian 6 eta 13 gradu artean izango dira termometroak, 8 eta 14 artean Bilbon eta 3 eta 12 artean Gasteizen.
Kantauri itsasoan, ipar-ekialdeko haizea ibiliko da hasieran, 3-4ko indarrarekin. Haizeak iparraldera biratuko du arratsaldean, eta itsaskia eragingo du. Iparraldeko hondoko itsasoa ere ibiliko da, metro bat inguruko olatuekin.
Asteartean, eguraldia kaxkarragoa izango da, zerua estalita egongo da eta euria egingo du, sarriago isurialde atlantikoan eta, tarteka, baita hegoaldean ere.
Tenperaturek berdintsu jarraituko dute, 10 eta 13 gradu arteko maximoekin, eta elurra ere antzeko kotetan (1.100 eta 1.300 metro artean).
Haizeak iparretik eta ipar-ekialdetik joko du.
Nafarroan, astelehena hodei gutxirekin hasiko da hegoaldean eta hodei gehixeagorekin ipar partean, eguerditik aurrera ugaritzen joango dira lainoak, eta hodeitsu geratuko da erdialdean, eta arratsaldean euri arina ere egin dezake ipar-mendebaldean.
Pirinioetako gailurretan, elur-kota 800-1.000 metro inguruan egongo da, eta ez da baztertzen lanbroa eta goizeko behe-lainoa izatea.
Tenperatura maximoek apur bat behera egingo dute, Pirinioetan eta Erriberabeitian izan ezik, han gehixeago jaitsiko baitira, eta izotza egin dezake mendialdeetan.
Ipar eta ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da, tarteka bizi eta bolada oso gogorrekin Pirinioetako gailurretan.