Itxi

GERTAKARIA

Espetxera bidali dute Mendabian hilda agertu zen gizonaren kasuagatik atxilotutako gizona

EITB MEDIA

Epaileak hilketa eta sute delituak egotzi dizkio gizonari. Antza denez, atxilotuak zerikusia du martxoaren 4an Mendabian bertan indarkeria zantzuekin hilda agertu zen 61 urteko gizon baten auziarekin.

Mendabian (Nafarroa) hilketa batekin zerikusia duelakoan ostiralean atxilotutako gizona espetxeratzeko agindua eman du Lizarrako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiko epaileak, EITBk jakin duenez. 61 urteko beste gizon bat hiltzea egotzi diote, baita sute-delitu bat ere.

Antza denez, atxilotuak zerikusia du martxoaren 4an Mendabian bertan indarkeria zantzuekin hilda agertu zen 61 urteko gizon baten kasuarekin.

Egun hartan, sute txiki bat izan zen etxebizitza batean, eta larrialdi zerbitzuek gizon baten hilotza atera zuten etxe barrutik.

Foruzaingoak azaldu zuenez, 10:30ak inguruan, biktimarekin hitzordua omen zuen pertsona bat haren etxera joan zen, ez zelako geratuta zeuden tokira agertu, eta berak eman zien abisua larrialdi zerbitzuei.

Hasiera batean gizonaren heriotza suteak eragindakoa zela uste bazuten ere, gero jakin zen indarkeriaz hil zela eta sutea ondoren piztu zela. Hala, ostiralean gizon bat atxilotu zuen Foruzaingoak eta orain epaileak hura espetxeratzeko agindua eman du.