GERTAKARIA
Gizon bat atxilotu dute Leioan, gasolindegi batean sutea pizteagatik
EITB MEDIA
Goizaldeko hamabi eta erdiak aldera, gizon bat Leioako gasolina-zerbitzugune batera joan da, eta hiru bidoi erosi eta erregaiz bete ditu. Handik pixka batera, gasolindegiko langile batek sutan ikusi ditu bidoiak.
Ertzaintzak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean, erregai-bidoi batzuei Leioako gasolindegi batean sua emateagatik. Atxilotuari kalte-delitu bat leporatu diote.
Goizaldeko hamabi eta erdiak aldera, gizon bat Leioako gasolina-zerbitzugune batera joan da, eta hiru bidoi erosi eta erregaiz bete ditu. Handik pixka batera, gasolindegiko langile batek sutan ikusi ditu bidoiak, eta berehala hurbildu da su-itzalgailu batekin sua itzaltzera.
Ondoren, bidoiak erosi dituen gizonak ostikoa eman dio bati, eta sua zabaldu egin da. Horren aurrean, langileak berehala deitu du SOS Deiak 112 zerbitzura, gertatutakoaren berri emateko eta suhiltzaileak bertaratzeko eskatzeko.
Handik minutu batzuetara Ertzaintzaren dotazio bat iritsi da, eta ikusi du gizon bat, sua piztu duena, korrika ihes egiten saiatzen ari zela, baina atzetik segi ondoren berehala geldiarazi du. Ertzaintzak azaldu duenez, gizona "nahiko oldarkor" agertu da.
Suhiltzaileek sua itzali dutenean, gasolina-zerbitzugunea itxita geratu da izan dituen kalteengatik.
Erandioko Ertzain-etxetik ikerketa jarri dute abian gertatutakoa argitzeko eta atxilotua horrela jokatzera zerk bultzatu duen jakiteko. Atxilotua, 38 urtekoa, epailearen aurrera eramango dute.