Itxi

Arabako patroia

Eguzkitako betaurrekoak eta txamarra, denak behar gaur Armentian, San Prudentzio eguneko erromerian

EITB Media

Leer en Castellano

Foru Aldundiko txistulari eta tronpetari bandaren "Araba" zortzikoaren ondoren, gasteiztarrak Armentiara bidean jarri dira. Zeruak garbi ageri ziren, jendearen pozerako; belarra, ordea, bustirik zegoen goizean, bart gaueko euriagatik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arabarrek ez diote hutsik egin aurten ere San Prudentzio zaindariari, eta milaka bildu dira igande honetan Armentiako zelaietan. Eguzkia izan da erromeriako protagonista nagusia, santu pixontziaren eguneko ohiko aterkien partez, eguzkitako betaurrekoak behar izan baitira gaur Gasteizen. Txamarra soinean, hori bai, ateri baina freskoa izan baita goiza. 

Eguneko egitaraua goizeko bederatzietan hasi da, Probintzia Plazan "Araba" zortzikoa entzunez, Aldundiko txistulari eta tronpeta jotzaileen bandaren eskutik.

Termometroak 3 ºC-ko tenperatu adierazten ari zirenean, bertaratutakoek, tartean Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, jaiaren atarikoa entzun dute.

Horren ostean, eguzkia berotzen hasi denean, gasteiztarrak Armentiara igotzen hasi dira, erromerian, festaz gozatzera. Zeruak garbi ageri ziren, jendearen pozerako; belarra, ordea, bustirik zegoen goizean, bart gaueko euriagatik.

Armentiako basilikan, zaindariaren omenezko meza eman du Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak. Tenplua jendez gainezka egon da, Gasteizko eta Arabako agintariez gain, ehunka fededun bildu baitira bertan.

Goizerdian, Armentia adin guztietako herritarrez betetzen hasi da, eta izan da gosea asetzeko aukerarik, pasealekuan zehar jarritako 160 postuen eskaintza gastronomikoari esker. Postu horien artean ez dira falta izan ohiko erroskillak, gaztak eta hestebeteak, ezta txorizoz betetako ogia ere.

Gaurko egunez gasteiztarren etxeetan plater nagusi izan ohi diren perretxikoak ere izan dira: kiloa 50 euroan, Nafarroako perretxikoak, eta 68an, Arabakoak. 

Dantza tradizionalak, "herri kirolen" erakustaldia, haurrentzako jolasak eta haurrentzako kontzertua ere izan dira Armentian gaur goizean.

Gasteizko erdigunean, eguerdian, Zeledonoen Birbilobak blusa eta nesken kuadrilla protagonista duen danborrada egin da, eta gaur arratsaldean haurren danborrada izango da.

Armentia beteta zegoela, erdiguneko kaleak erdi hutsik zeuden, hiritar askok opor txikiak hiritik kanpo pasatzeko baliatu baitute jaieguna. Egitarau ofizialak izan du, hala ere, beste hitzordu bat hirian; izan ere, Arabako Domina (Aldundiak ematen duen aintzatespen gorena) eman diote Artiumen Mercedes Maroto-Valer zientzialari eta irakasle arabarrari. 

Aurten ere, EITBk bat egin du jaiarekin, eta zuzenean eskaini ditu San Prudentzio bezperako erretreta eta danborrada, ETB1en eta eitb.eus-en. Gainera, Radio Vitoriak programazio berezia prestatu du Arabako patroiaren omenezko ekitaldiak eskaintzeko, maiatzaren 1ean, asteazkenean, amaitu arte.

Kontsultatu hemen jaien programazioa.

Jaien pregoia

Asteazkenean, Teresa Ibañez aktoreak San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak iragarri zituen Probintzia plazan, baina jaiari deitzeko erretreta larunbat arratsalde-gauean egin dute. Lehenengo hotsak Plaza Berrian izan dira, 20:00etan, eta Probintzia plazara pasatu dira gero.

Bideoak (2)