Itxi

EKAINAREN 15ETIK AURRERA

Emisio Baxuko Eremuaren gakoak: zein ibilgailuri eragingo die Bilboko araudiak?

IKER GOMEZ | EITB MEDIA

50.000 biztanletik gorako udalek emisio gutxiko eremuak martxan jarri behar dituzte, kutsadura murrizte aldera. Bilbo izan da murrizketak indarrean noiz sartuko diren argitzen lehena.

Bilboko Emisio Gutxiko Eremuaren gakoak. EFE

Ekainaren 15ean sartuko da indarrean Bilboko Emisio Baxuen Eremua, hau da, gehien kutsatzen duten ibilgailuei hirigunerako sarrera mugatzeko neurri-sorta. Bizkaiko hiriburua izan da murrizketa horiek noiz hasiko diren argitzen lehena. Donostiak, Gasteizek, Iruñeak, Barakaldok eta Irunek oraindik ez dute iragarri beren ordenantzak indarrean noiz sartuko diren.

Hauek dira Bilboko Udal Ordenantzaren gakoak:

- Data: ekainaren 15etik aurrera ezin izango dira emisio baxuko eremura sartu 2000. urtea baino lehen matrikulatutako gasolina-motorra duten ibilgailuak eta 2006. urtea baino lehenagoko matrikula duten dieselak

– Mugatutako eremua: Abando, Indautxu eta Abandoibarra

– Ordutegia: eremua mugatuta egongo da goizeko 7:00etatik arratsaldeko 20:00etara, lanegunetan

- Lehen urtea: murrizketak A etiketa duten ibilgailuentzat edo eskatu ez duten eta, beraz, derrigorrezko bereizgarria ez duten autoentzat izango dira aurreneko urtean.

- Graduala izango da: hilabeteek aurrera egin ahala, murrizketak handituko egingo dira. 2025etik aurrera, B ibilgailuek ere mugatuta izango dute zentrorako sarbidea, eta 2030erako, Eco ibilgailuek edo C etiketa dutenek bakarrik zirkulatu eta aparkatu ahal izango dute Bilboko emisio baxuko eremuan.

- Salbuespenak: salbuetsita geratuko dira emisio baxuko eremuan bizi diren pertsonak, ostalariak eta merkatariak edo mugitzeko arazoak dituztenak, besteak beste. Ibilgailu historikoak ere salbuetsita geratuko dira. Azkenik, ibilgailu ez-kutsatzaile bat erosi dutela egiaztatzen dutenak eremu horretan sartu ahal izango dira ibilgailu berria jaso bitartean.

- Baimenak edo gonbidapenak: garaje-plaza bakoitzeko lau matrikuletara iritsi ahal izango dira gonbidapenak. Baimen bereziak egongo dira 75 urtetik gorakoentzat ere. Erroldatutako pertsonen ibilgailuak renting, leasing edo enpresaren izenean dauden autoak ere izan daitezke.

- Nahitaezko etiketa: Ingurumen etiketa Correosen eska daiteke, bost euroren truke. 

- Alegazioak: Ostiral honetan, hilak 10, onartuko den udal ordenantzak talde politikoen 18 alegazio jaso ditu, eta herritarrek edo elkarteek egindako beste 55 ekarpen ere.