Jarduera ugari
Guggenheim eta Arte Ederren Museoa, besteak beste, doan maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta
EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak programazio "erakargarria eta askotarikoa" prestatu du 30 museo baino gehiagotarako. Museoeneguna webguneak pinakoteka bakoitzaren programazio osoa biltzen du.
Maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren egitaraua aurkeztu du astearte honetan Bizkaiko Foru Aldundiak. Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko museoetako 30 ordezkari baino gehiagorekin batera, Bizkaiko pinakoteketan diseinatutako programazio "erakargarria eta askotarikoa" aurkeztu du.
Ohi bezala, museoetara sarrera doakoa izango da, eta aurten, berrikuntza gisa, Escape Room bat antolatu dute Bilboko Campo Volantin pasealekuan, Bizkaiko museoen aberastasuna ezagutarazteko eta ezagutzeko.
Arrizabalagak kultur gune horien garrantzia eta "gizartean duten eragina" nabarmendu ditu. "Museoak ondarea babesteko, kultura zabaltzeko eta ezagutza sortzeko lekuak dira, ikertzen eta hezten duten zentroak", azaldu du.
"Erakusketa, pieza, bisita edo tailer bakoitzaren atzean ikerketa lan garrantzitsua dago", gaineratu du.
Horregatik, Bizkaiak bat egiten du aurten ere ICOMek bultzatutako egunarekin, lurraldeko berrogei museo baino gehiagotan, museoen aniztasunean eta askotariko kultur eskaintzan arreta jartzeko. Aurten ospakizunaren leloa "Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde" da.
Museoeneguna.eus webguneak, Bizkaiko museoen aniztasuna biltzeaz gain, museo bakoitzak bere Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu dituen jarduerak biltzen ditu.
Urteroko ospakizun horren helburua da museoak kultura-trukerako, kulturak aberasteko eta herrien arteko elkar ulermena, lankidetza eta bakea garatzeko bitarteko garrantzitsuak direla kontzientziatzea. Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da duela 40 urte baino gehiagotik, eta ekitaldiek eta jarduerek egun bat, asteburu bat edo aste osoa iraun dezakete.