Itxi

Bizkaia

Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du Berangon okupatutako gune bat husteko operazioan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hirugarren aldia izan da Polizia Otxantegi Herri Lurra plataformak okupatzen zuen Otxandategi dorretxearen ingurua husten saiatzen zena. Lehenengoa iazko azaroan izan zen, eta bigarrena, joan den apirilean. Pertsona bat atxilotu eta bi zauritu dira.

Berangoko Otxandategi dorretxea okupatu zuen 2022an Otxantegi Herri Lurrak. Argazkia: Hiruka.eus

Berangoko (Bizkaia) Otxandategi dorretxea eta haren inguruan okupatutako lurrak hustu ditu astearte honetan Ertzaintzak. Kanpoan zeuden ekintzaileek erresistentzia baketsua egin dute, eta ertzainek banan-banan kanporatu eta identifikatu dituzte, desobedientzia delitua egotzita. Otxantegi Herri Lurra plataformako kideek jakinarazi dutenez, pertsona bat atxilo eraman dute, eta beste bi zauritu dituzte. Atxilotutakoa aske dago dagoeneko, epaiketaren zain, eta zauritutakoak Urdulizko ospitalean artatu behar izan dituzte.

Dorretxe barruan ere beste hainbat ekintzaile egon dira gotortuta, horietako batzuk teilatuan, eta beste bat egurrezko tripode handi batean eskegita. Horiek guztiak ere kanporatu eta identifikatu ditu Ertzaintzak.

XV. mendeko dorretxe eta lursail horretan, hainbat ekintzaile ekologistak Otxantegi Herri Lurra proiektua garatu zuten bertan duela bi urte, 2022an, hiriaren eta baserriaren arteko zubi-lana egiteko egitasmo "agroekologikoa" garatzeko eta, aldi berean, inguru horretan garatu nahi den proiektu urbanistikoa geldiarazteko asmoz.

Lurrak okupatu eta hilabete gutxira, jabeek ekintzaileak salatu eta horien kontrako epaiketa izan zen. Gerora, ingurua husteko agindua eman zuen epaileak, eta birritan saiatu dira, lehenengoa iazko azaroan, eta, azkena, joan den apirilean. Bi saiakera horietan, baina, kanporaketak bertan behera gelditu ziren, Ertzaintzak "baliabide nahikorik" ez zituelakoan. Gaur, baina, berriro bueltatu dira, bitarteko askorekin: 15 furgoneta eta dozenaka polizia, mailu, borra eta istiluen aurkako materialarekin.

Hiruka tokiko komunikabideak salatu duenez, Ertzaintzak ukatu egin die bere kazetariei gertatzen ari zenaz barrutik informatzea, eta poliziek osatutako segurtasun-hesiaren kanpotik informatzera behartu dituzte. Horren aurrean, ekintzaile askok salatu dute, prentsarik gabe, poliziek "bortizki" jo dutela haien kontra kanporatze-operazioan.