Deba
Bi pertsona zuhurtziagabekeriazko homizidioagatik ikerketapean jarri dituzte, Debako emakumearen heriotzagatik
EiTB Media
Ertzaintzak ia amaitu du 75 urteko emakumearen heriotza argitzeko ikerketa, tiroaren egilea identifikatu du, eta, itxura guztien arabera, "ustekabeko" istripua izan zen. Aitzitik, aipaturiko ehiztaria baimendutako eremutik kanpo zegoen.
Basurde uxaldi batetatik ateratako tiro bat jasota Deban hildako emakumearen kasuari lotuta, Eibarko epaitegia bi pertsona ikertzen ari da ustezko zuhurtziagabekeriazko homizidioagatik. EiTB Mediak jakin ahal izan duenez, bi pertsona horietako bat tiroa egin zuen pertsona da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek EiTB Mediari baieztatu diotenez, balak ez zuen basurderik jo eta tiro egin zuen ehiztaria baimendutako eremutik kanpo zegoen.
Ertzaintzak ia amaitu du 75 urteko emakumearen heriotza argitzeko ikerketa, tiroaren egilea identifikatu du, eta, itxura guztien arabera, "ustekabeko" istripua izan zen. Horrela adierazi du Josu Erkoreka jarduneko Segurtasun sailburuak gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Edozein kasutan, Erkorekak azpimarratu du kasua daraman epaileak argitu beharko duela erantzukizun penalik dagoen ala ez.
75 urteko emakumea iragan abenduaren 17an hil zen, Debako bere etxebizitzan zegoela suzko arma batekin, kanpotik, egindako tiroa jasota.