Itxi

INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat atxilotu dute bikotekide ohiari eraso egiteagatik, NANaren Irungo bulegoetan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gizonak ukabilkada handia eman zion emakumeari sudurrean, semearen eta bulegoan izapideak egiten ari ziren gainerako herritarren aurrean.

Polizia Nazionaleko agenteek gizon bat atxilotu dute bikotekide ohiari eraso egiteagatik, NANa eta pasaportea emateko bulegoan, Irunen, Poliziak asteazken honetan jakitera eman duenez.

Gertaera apirilaren 30eko goizean izan zen, gizona eta emakumea semearekin joan zirenean Irungo Polizia Nazionalaren komisarian dagoen bulegora, adingabearen pasaportea ateratzera. Izapide horrek bi gurasoak fisikoki bertaratzea eskatzen du.

Pasaportea egiten ari ziren bitartean, bikotekide ohiak eztabaidan hasi ziren, eta "tonua handituz" joan zen, gizonak emakumeari sudurrean ukabilkada handi bat eman zion arte, semearen eta bulegoan izapideak egiten ari ziren gainerako herritarren aurrean.

Bulegoan zerbitzua ematen duten Polizia Nazionaleko zenbait agentek erasotzailea geldiarazi eta atxilotu zuten, eta, aldi berean, emakumea bertan artatu zuten.