Itxi

Emisio gutxiko eremua

Ibilgailuarekin Donostia erdialdera sartzeko murrizketak urte amaieran sartuko dira indarrean

EiTB Media

Leer en Castellano

Berritasun gisa, Udalak 10 kamera finko jarriko ditu emisio gutxiko eremura sartzen diren ibilgailuak kontrolatzeko. Halaber, baimenik gabe sartzen direnentzat 200 euroko isunak aurreikusi ditu.

Ibilgailuak Donostian. EiTB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

Donostiako Emisio Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantza urte honen amaieran sartuko da indarrean, Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak eta Juantxo Marrero Ekologiako zinegotziak gaur goizean azaldu dutenez.

Berrikuntza gisa, Udalak 10 kamera finko jarriko ditu emisio gutxiko eremura sartzen diren ibilgailuak kontrolatzeko. Halaber, baimenik gabe sartzeagatik 200 euroko isunak aurreikusten dira.

Emisio gutxiko eremua Boulevarretik Araba parkeraino hedatuko da, eta kaia eta Arbaizeneko ingurua ere hartuko ditu.

Hasierako fasean, hots, ordenantza indarrean sartu eta lehen 36 hilabeteetan, hauek dira inolako izapiderik gabe emisio gutxiko eremuan sartu ahalko diren ibilgailuak:

- bizikletak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak

- 0 / ECO / C eta B bereizgarria duten ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak eta DGTk historikotzat jotako ibilgailuak

- Emisio gutxiko eremuan erroldatuta dauden egoiliarren ibilgailuak

- MM bereizgarria duten mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak

- Jarduera ekonomikoei, taxiei eta BTKei lotutako TAO txartela duten ibilgailuak

Era berean, eskaera eginda, beti, sartu ahal izango dira: mugikortasun urriko Europako txartela duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuak eta interes orokorreko zerbitzuak emateko ibilgailuak (posta, garraioa, polizia, osasuna...). Horrez gain, garajeak dituzten titularren ibilgailuek, eremu barruan dauden autoeskolen ibilgailuek eta ibilgailuak konpontzeko tailerretara doazenek ere izango dute sartzeko modua.

Erdigunera sartzeko eskaerak Donostiako Udalaren webgunearen bidez, edo aurrez aurre, Herritarren Arretarako ohiko kanalen bidez kudeatu ahal izango dira.

Behin hasierako fasea igaro eta gero, egonkortze fasea hasiko da.

10 kamera finko

Emisio gutxiko eremua. Irudia: Donostiako Udala

10 kamera finkok kontrolatuko dituzte emisio gutxiko eremurako sarrera-irteerak. Ibilgailuen matrikulak irakurriko dituzte kamera horiek, sartu ote daitezkeen egiaztatzeko. Trafikoa zaintzeaz arduratzen diren agenteek ere izango dute ibilgailuen matrikulak identifikatzeko modua.

Kamera horiek leku hauetan jarriko dira: Zurriolako zubian, Santa Katalina zubian, Gernikako Arbola eta San Martin arteko bidegurutzean, Gernikako Arbola eta Valentin Olano arteko bidegurutzean, Arabako Parkea eta Easo arteko bidegurutzean, Autonomia kaleko biribilgunean, San Roke eta Belizalde arteko bidegurutzean, San Roke eta Beloka arteko bidegurutzean, Aldapeta eta La Fe arteko bidegurutzean, eta Mirakontxa pasealekuan (Almudena etxea).

Baimenik gabe emisio gutxiko eremuan sartzen diren ibilgailuek 200 euroko isuna jasoko dute, eta hortik gorakoa (% 30 gehiago) araua behin baino gehiagotan urratzen dutenek.

42 alegazio

Donostiako Udalak datorren astean onartuko du behin betiko, emisio gutxiko eremua ezarriko duen ordenantza. 

Alegazioak aurkezteko epea amaituta, guztira 42 proposamen jaso ditu Udalak. Onartutako alegazioetako bat 70 urtetik gorako egoiliarren ibilgailuei emisio gutxiko eremuan sartzen uztearena da, ingurumen etiketarik ez izan izan arren.

Halaber, kaia eta Arbaizeneko sarbidea eta ingurua sartu egin dituzte, emisio gutxiko eremuan preso gera ez daitezen.