Itxi

Sexu abusuak

Lau adingabek salatu dute Barakaldoko Pauldarrak taldeko entrenatzaile batek sexu abusuak egin dizkiela

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Klubak kargutik kendu du entrenatzailea, eta Ertzaintzak ikerketa hasi du. 14 eta 16 urte bitarteko lau neskatoek gaur deklaratu dute epaile aurrean, baita ustezko erasotzaileak ere. Behin-behinean aske utzi du epaileak, kautelazko neurririk gabe.

Lau adingabek jarri dute salaketa

Lau adingabek salatu dute Pauldarrak taldeko futbol entrenatzaile batek sexu abusuak egin dizkiela, EITBri klubak berak baieztatu dionez.

Dirudienez, iragan asteartean 14 eta 16 urte bitarteko lau gazteek taldeko arduradun batekin hitz egin zuten, eta gertatutakoa jakinarazi zioten. Berehala, taldetik aldendu zuten entrenatzailea, nahiz eta ez duten atxilotu.

Gaur goizean, epailearen aurrean deklaratu dute lau neskatoek, eta Ertzaintzak eginbideak hasi ditu ustezko erasotzailearen aurka, sexu delitua egotzita. Azken honek ere gaur deklaratu du, eta epaileak behin-behinean aske utzi du, kautelazko neurririk gabe.

Iragan astetik dute klubak eta biktimen senitartekoek gertatutakoaren berri.

Bizkaian, emakumezkoen kirolean ezagun da Pauldarrak taldea, eta ustezko erasotzaileak hamar bat urte zeramatzan taldean.

Ostiralean kanporatu zuten entrenatzailea taldetik

Iragan ostiraletik, salatutako gizona ez da Pauldarrak taldeko entrenatzaile.

Klubeko haurren babeserako arduradun Iñaki Alonsok komunikabideei azaldu die salaketa jarri duten lau neskatoak eta taldea bera "elkar babesten" egon direla hasieratik.

Arratsaldean, oharra zabaldu du klubak, sexu abusuak salatu dituzten lau adingabeei babesa adieraziz eta lehen unetik kasuaren ikerketan laguntzeko prest agertu dela berretsiz.

Halaber, bere "erantzukizun etiko eta legal bakarra egoera horiek prebenitzea, antzematea eta behar bezala erantzutea" dela esan du, eta horixe egiten ari dela nabarmendu du. "Prozesu osoan zehar neskak artatu ditugu, ustezko erasotzailea prozesu judiziala argitu arte baztertu egin dugu, eta eskuragarri dugun informazio guztia jakinarazi diogu familia bakoitzari", gaineratu du klubak.

Klubaren oharra, osorik.

Udalak erasoak gaitzetsi ditu

Barakaldoko Udalak, bestalde, irmoki salatu ditu sexu abusuak, eta behar izatekotan, auzian akusazio partikular gisa agertzeko prest azaldu da.

Ohar batean, Udalak esan du, tartean adingabeak daudenez, "sentsibilitate osoz" jokatuko dutela, salaketa jarri duten adingabeak babeste aldera.

Zentzu horretan, zehaztu du Udaleko alderdiei auziaren gaineko informazioa igorri dietela, Udalean duten protokoloaren nondik norakoak gogoratzeko.

Halaber, adingabeei eta haien familiei babes osoa adierazi diete. "Oso ausartak izan dira geratutakoa salatuta, legeak erasotzailea zigortu behar du eta", esan dute.

Bukatzeko, Udalak eskura dituen baliabide guztiak eskaini dizkiete gazteei, eta taldeari elkartasuna adierazi diote, "gertakariak bere irudiari eragin diezaiokeelako".