Itxi

Prentsa-askatasuna

Pablo Gonzalezek senideen bisita jaso du, eta akusazioa "behingoz zehazteko" eskatu diote Poloniari

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Euskal kazetariaren emazteak azaldu duenez, semearekin batera, bi orduz bisitatu ahal izan zuen Gonzalez Poloniako zerbitzu sekretuetako kideen aurrean, bi urte eta hiru hilabeteetako kartzelaldian jaso duen hirugarren bisitan.

Pablo Gonzalezen askatasuna eskatzeko elkarretaratzea, Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE

Pablo Gonzalez euskal kazetaria behin-behineko espetxealdian dago 2022ko otsailetik, Poloniako Radom presondegian, eta astelehenean bere seme nagusienaren eta emaztearen bisita jaso zuen. Azken horrek egozten zaizkion karguak "behingoz zehazteko" eskatu die Poloniako agintariei, bere burua defendatu ahal izateko.

Gonzalez, freelance kazetaria, 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten, Poloniak Ukrainarekin duen mugatik kilometro gutxira.

Ohar batean, Oihana Goiriena Gonzalezen emazteak azaldu du, semearekin batera, bi orduz bisitatu ahal izan duela Poloniako zerbitzu sekretuetako kideen aurrean, bi urte eta hiru hilabeteetako espetxealdian jaso duen hirugarren bisitan. Era berean, agintariek duela gutxi bi lagunen bisita jasotzen utzi diotela jakinarazi du Goirienak.

Bikotekideak adierazi duenez, "osasunez eta gogo onez ondo" aurkitu du Gonzalez, eta bisita egiteko "baimenak arautzeko" itxaropena agertu du, baita emazteari, amari eta hiru seme-alabei telefonoz deitzen uzteko ere.

Bestalde, kazetariaren abokatuek auziko "espediente osoa" aztertu ahal izatea eskatu du Goirienak, "eta ez espediente horren zati oso mugatuak bakarrik".