ELIZA KATOLIKOA
Gasteizko Elizbarrutiak dio Beloradoko abadesak "mojak engainatzen dituela botereari eusteko"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elizbarruti horretako bikarioak azaldu duenez, Beloradoko eta Urduñako klaratarrek ez dute Derioko komentua saltzeko prozedura tasatua jarraitu eta gai horren guztiaren atzean "interes ekonomikoak eta botere-interesak baino ez daude".
Manuel Gomez Tavira Gasteizko Elizbarrutiko Bizitza Sagaraturako bikarioak azaldu duenez, Beloradoko (Burgos) eta Urduñako (Bizkaia) moja klaratarrekin gertatutakoaren atzean Sor Isabel abadesak "boterean betikotzeko" duen asmoa bezainbesteko interes ekonomikoak daude, eta, horretarako, "engainatuta" ditu gainerako mojak.
Gomez Tavirak Radio Euskadin adierazi duenez, moja horiek Eliza Katolikoarekin hausteko asmoa zuten, Derion (Bizkaia) komentu bat saldu nahi zutelako Urduñako monasterioa erosteko.
Ukatu egin du Pablo de Rojas Sanchez-Franco buru duen Pia Union Sancti Pauli Apostoli deiturikoa zisma bat denik. Haren babespean egon nahi dutela adierazi dute mojek Eliza Katolikoa utzi ostean.
"Sekta gisa tipifikatuta dago, ez da zisma bat. Bere sareetan etengabeko dohaintzak eskatzen dituzte. Ez dute jarraitzaile askorik, eta gauza txikia da, diru asko duen familiako jaun batek bultzatutakoa", argi utzi du Gómez Tavirak.
Azpimarratu duenez, ez dute klaratarren kongregazioaren antzeko kasuen berri. Bere ustez, Sor Isabel abadesak "engainatuta ditu ahizpak Netflixeko telenobela honetan", eta esan du "denbora daramala boterean betikotzen saiatzen orain hamabi urteko agintaldia betetzen duenean, ezin baita gehiago egon".
"Engainatuta dauzka, hau jazarpena balitz bezala. Gezurra da Burgosko artzapezpikuak ez diola saltzen uzten. Ama Isabelek gezur asko esaten dizkie mojei, eta munduko egiarik handiena dela sinisten dute", esan du.
Ildo horretan, azaldu du Beloradoko eta Urduñako klaratarrek ez dutela Derioko komentua (Bizkaia) saltzeko prozedura tasatua jarraitu. Horren arabera, prezio jakin bat gainditzen duen Elizbarrutiko ondare batekin eragiketa bat egin nahi bada, baimena eskatu behar zaie Erromari eta dagokion erlijio-jurisdikzioko Apezpikutzari, kasu honetan Bilbokoari, eta izapide hori ez dela egin adierazi du.
"Horren guztiaren atzean interes ekonomikoak eta botere-interesak baino ez daude. Horrek ospea eman dio atzo arte inork ezagutzen ez zuen gizon bati (Pablo de Rojas Sanchez-Franco)", amaitu du.