Itxi

Epaia

14 urteko kartzela zigorra ezarri diote Arabako gizon bati zortzi urtez alabari sexu erasoak egiteagatik

EiTB Media

Leer en Castellano

Behin espetxealdia beteta, 5 urtez zaintzapeko askatasunean egongo da. Halaber, 15 urtean ezingo da biktimarengana hurbildu eta 40.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio. Epaia ez da irmoa eta helegitea jar daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Arabako Auzitegia, artxiboko irudi batean. Argazkia: Jokin Zurutuza

Arabako Probintzia Auzitegiak 14 urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati alaba adingabeari zortzi urtez —6 urte zituenetik 14 urtera arte— sexu erasoak egiteagatik.

Gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duen epaiaren arabera, frogatuta gelditu da gizonak sexu eraso jarraituak egin zizkiola alabari. Behin kartzela zigorra beteta, 5 urtez zaintzapeko askatasunean egongo da.

Horrez gain, 40.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari, "eragindako kalte psikiko handia" tarteko.

Halaber, ezingo da 15 urtean biktimarekin harremanetan jarri eta harengana hurbildu 500 metro baino gutxiagora. Bestalde, 17 urtean ezingo du adin txikikoekin harremana izatea dakarren lan edo jarduerarik egin, ordainpekoa izan ala ez.

Epaimahaiak frogatutzat eman du aitak hainbat sexu eraso egin zizkiola alabari 2008tik 2016ra, beti ama etxetik kanpo zegoenean, eta batzuetan indarra erabili zuela harremanak izateko.

Arabako Auzitegiak ebatzi du "sinesgarria" eta "koherentea" dela biktimak emandako testigantza, besteak beste, duela hiru urte salatu zuen gauza bera kontatu baitzuen epaiketan.

Epaia ez da irmoa eta helegitea jar daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.