feminismoa
EAEko genero berdintasunaren indizea 74,5 punturaino igo da
EITB MEDIA
2021eko azken datuen arabera, EBko batezbestekoaren gainetik geratu da EAE, baina Espainiako eta Frantziako Estatuen indizeen azpitik. Adierazle horrek berdintasunaren alorrean sei arlotan (Enplegua, Dirua, Ezagutza, Denbora, Boterea eta Osasuna) egindako aurrerapauso sozialak neurtzen ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) hobera egin du, azken hamarkadan— 5,6 puntu 2010etik—, genero berdintasunaren alorrean , eta genero berdintasunaren indizean 74,5 puntu eskuratu ditu (100 da erabateko berdintasuna), azken datuei (2021ekoak) erreparatuta behinik behin.
Adierazlea Eustatek kalkulatu du Genero Berdintasunerako Europako Institutuaren (EIGE) metodologia aplikatuta, eta sei arlo edo dimentsiotan izandako aurrerapen sozialak kontuan hartuta: Enplegua, Dirua, Ezagutza, Denbora, Boterea eta Osasuna.
Eustatek ohar batean jakinarazi duenez, EAEko indizea Europar Batasuneko batezbestekoaren (70,2) gainetik dago, eta puntuazio altuagoa lortu du genero berdintasuna neurtzen den dimentsio guztietan. Abantailarik handiena "Denbora" dimentsioan jaso da (78,3); arlo horrek zaintza jarduerei eskainitako denbora jarduera sozialei eskainitakoarekin alderatzen du. Dimentsio horretan, EAE Europar Batasuneko herrialde guztien gainetik dago nabarmen. "Osasun" arloan ere, lehen postuetan geratu da EAE (laugarren postuaren pare). Dimentsio horretan osasun egoera, jokabide osasungarriak eta Osasunaren eskuragarritasuna neurtzen dituzte.
Dena dela, aipatzekoa da EAE Espainiaren (76,4 puntu, laugarren postuan) eta Frantziaren (75,7, seigarren) azpitik geratu dela berdintasun indize orokorrean. Suedia da denen buru, erabateko berdintasunetik 20 puntu baino gutxiagora (82,2), eta Herbehereak eta Danimarka atzetik dituela.
Azken 9 urte hauetako bilakaerari dagokionez, nabarmentzekoak "Botere" alorrean (63,1) egindako aurrerapenak —ia bederatzi puntu hazi da—, nahiz eta oraindik erabateko berdintasunetik urrunen dagoen arloa den. Batez ere botere ekonomikoan — 13,6 puntuko igoera lortu da — eta botere politikoan — 8,5 puntuko bilakaera positiboa izan du — izandako hobekuntzak bultzatu hazi da dimentsioa. Aipagarria da, era berean, "Ezagutza" alorraren (67,7) bilakaera ona, sei puntu hazi baita 2010etik. Lorpena eta ezagutza mailan egin da aurrerapen handiena, baina segregazioan apala da oraindik emaitza (58,2).