Itxi

SANFERMINAK 2024

Hauek dira sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko bost hautagaiak

EITB MEDIA

Duguna-Iruñeko dantzariak, Nafarroako Emakume Ezinduen Elkartea (AMUDISNA), Iruñeko San Joan Jainkoarena Ospitalea, Fraile Anaiak gaitariak eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa dira hautagaiak. Bozketa maiatzaren 27tik aurrera egingo da, bi astez.

2023ko txupinazoa. Argazkia: EFE

Duguna-Iruñeko dantzariak, Nafarroako Emakume Ezinduen Elkartea (AMUDISNA), Iruñeko San Joan Jainkoarena Ospitalea, Fraile Anaiak gaitariak eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa dira 2024ko sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko hautagai ofizialak.

Aurrena, Batzorde Tekniko batek aztertu ditu hautagaitza guztiak, eta behin galbahe hori igarota, gaur Sanferminetako Mahai Orokorrera helarazi da zerrenda. Han, bozketa bidez, bost hautagaitza aukeratu dira.

Ondoren, Udaleko web orrian eman dira ezagutzera bost finalistak zeintzuk diren, eta maiatzaren 27tik aurrera herritarrek botoa emateko aukera zabalduko da, ekainaren 9ra arte.

Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek izango dute bozketan parte-hartzeko aukera. Hiru modu egongo dira horretarako: hiriko Civivox bulegoetan egongo diren hautestontzietan, 010 Herritarren Arretarako Telefonoaren bidez eta Udaleko web orrian ipiniko duten estekara sartuta.

Herritarren boto gehien jasotzen dituena ekainaren 11n aurkeztuko da, eta, berdinketa egonez gero, aukeratutako biak txupinazoa batera jaurtitzea proposatuko da.

Sanferminetako Mahaiak 24 elkarteren botoak jaso ditu, baliodun 20 boz eta lau baliogabe. Bozketen emaitzak kanpoan utzi ditu bi proposamen: Maria Victoria Esparza Mugueta eta Ortzadar Euskal Folklore Elkartearena, Udalak ohar batean azaldu duenez.

Sanferminetako Mahaiak, Kultura, Jai, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi delegatua, Iñigo Gomez arloko zuzendaria eta Victor Piñero idazkari teknikoa buru dituela, zazpi hautagairen artean hautatu du lehen aldiz, orain arte ez baita bost proposameneko langa gainditu, eta, beraz, ez zen beharrezkoa Mahaiaren bilkura hau deitzea. Aurtengo beste berezitasun bat da hamaika erakundek babestu dituztela zazpi hautagaitzak.

Sanferminetako Mahaian babes handiena jaso duen hautagaitza Iruñeko Duguna Dantzariena izan da (66 puntu), aurten 75 urte bete baititu.

Jaiaren aniztasunak ordezkaritza du Amudisnaren hautagaitzan, 50 punturekin bozketetan hautatua izan dena. Irabazi-asmorik gabeko elkarte honek desgaitasuna duten emakumeen ahalduntzea du helburu, bizitza sozialean autonomiaz parte har dezaten eta oztopo fisiko zein mentalak gaindi ditzaten.

Beste hautagaietako bat Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalea da (43 puntu). 80 urteko ibilbidea du hirian.

Nafarroako Jota Gracia Akademia eta Eskolatik abiatu eta 37 puntu lortu dituen hautagaitza pertsonaletako bat Fraile Anaiak gaitariak dira, urte osoan hiriko kaleak alaitzeagatik eta gaita-musikari lotutako ibilbide artistiko luzeagatik. Jose Luis eta Elena anaiek Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari laguntzen diote, eta bertako musika zabaltzeko ekimen ugariren parte dira.

Aukeratua izan den azken hautagaitzak, 37 puntu ere badituenak, kirola eta tradizioa batzen ditu: Nafarroako Euskal Pilota Federazioa, Nafarroako Kazetarien Elkarteak proposatua, sanferminekin duen loturagatik; izan ere, 1882, 1900, 1926 eta 1928ko karteletan agertu da pilota.