COVID-19
Covidaren FLiRT aldaeraren hainbat kasu atzeman ditu Osakidetzak EAEn
EITB MEDIA
Omicron aldaeraren mutazio bat da FLiRT izenekoa, eta azken hilabeteotan, AEBn zein Europako zenbait herrialdetan azkar ari da zabaltzen. Munduko Osasun Erakundeak jada farmazeutikei eskatu die txertoak aldaera berri horretara egokitzeko.
Osakidetzako Diagnostiko Biologikoko Sareko Mikrobiologia Zerbitzuek apirilean egindako azterketetan Sars-Cov-2 birusaren aldaera berriaren hainbat kasu atzeman dituzte: FLiRT izenez da ezaguna aldaera berria, eta omikronen mutazio bat da. Hainbat azpi mota ditu, eta JN.1, XDK eta KP.3 familiakoak dira EAEn atzeman direnak.
Maiatzaren 13tik 19ra egindako probatan, aztertutako covid kasu guztiak omikron aldaerakoak izan dira, horietatik, % 58, 9 JN.1 motakoak, % 14,3 XDK eta % 12,5 KP.3. Aldaera berriaren inguruan orain arte zabaldutako informazioaren arabera, oraingoan ere, sintomen artean daude usaimena eta zaporea galtzea. Munduko Osasun Erakundeak jada farmazeutikei eskatu die txertoak aldaera berri horretara egokitzeko.
Halaber, Osakidetzaren txostenak dio aurreko astean covidaren intzidentzia-tasa 13,2 kasukoa izan dela 100.000 biztanleko, aurreko astean baino 4,8 puntu gehiago. Orotara, 53 pertsona ospitaleratu ziren, 23 gizon eta 30 emakume. Ospitaleratutakoen % 86,8k 60 urte baino gehiago zituzten.
Lehen Mailako Arretan, gripearen eta bronkiolitisaren tasak egonkor eta balio baxuetan mantentzen direla ere badiote adierazleek.