San Mamesen
Ertzaintzak segurtasun operatiboa antolatu du Txapeldunen Ligako finalerako
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilbora bi taldetako zale ugari iristea aurreikusten denez, gune bana prestatu da zaleek egonaldiaz gozatu ahal izateko partidaren aurretik eta partidan zehar, modu seguruan.
Ertzaintzak Bilboko Udaltzaingoa eta beste larrialdi zerbitzu batzuk barne hartzen dituen segurtasun operatiboa koordinatu du, larunbat honetan San Mamesen emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala jokatuko dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Finalean Bartzelonak (egungo txapelduna) eta Olympique Lyonnaisek (txapelketako titulu gehien dituen taldea) neurtuko dituzte indarrak.
Ertzaintzaren aldetik, Bilboko ertzain-etxeko, brigada mugikorreko, Zaintza eta Erreskate Unitateko, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko, Txakurren Unitateko, Esku-hartze Unitateko eta Babes Unitateko agenteek parte hartuko dute operatiboan.
Planak Bilboko Udaltzaingoaren, Bilboko Suhiltzaileen, Gurutze Gorriaren eta DYAren baliabideekiko koordinazioa ezartzen du.
Bilbora bi taldetako zale ugari iristea aurreikusten denez, gune bana prestatu da zaleek egonaldiaz gozatu ahal izateko partidaren aurretik eta partidan zehar, modu seguruan.
Bartzelonaren zaleek 'fan zone' bat izango dute Doña Casilda Iturrizar parkean. Lyonena, berriz, Indautxu plazan egongo da, biak San Mamesetik gertu.