IBILALDIA 2024
Ikastolen eta euskararen aldeko festan murgildu dira Getxon
EITB Media
Irekiera ekitaldiarekin batera abiatu dira eguneko jarduerak, 11:00etan. Jende andana bildu da Getxoko kaleetan, lau gunetan jaiaz gozatzen eta, bereziki, ikastolei babesa ematen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ospatzen ari dira gaur Getxon, Ibilaldia. San Nikolas ikastola dugu aurtengo jaia antolatzeko arduraduna, eta urtebeteko lanaren ostean iritsi da, azkenean, txonbo egiteko eguna, aurtengo leloak dioen gisan.
"Familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna" izatea nahi dute antolatzaileek.
11:00etan egin dute irekiera ekitaldia. Bertan izan dira, Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako zuzendariarekin batera, Ikastolen Elkarteko, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Getxoko Udaleko ordezkariak.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, "egindako ibilbidea ospatzeko eguna da, baina baita etorkizuna ilusioz irudikatzeko unea".
Amaia Agirre Getxoko alkateak hitza hartu duenean, bart Getxon izandako gertaera lazgarria deitoratu du, eta nabarmendu du "Getxok ez duela horrelako jokabiderik onartzen", izan ere, "Getxo herri baketsua eta anitza da", eta babesa agertu die labankadaz hildako gaztearen senide eta lagunei.
11:00etatik 19:00ak arte, egitarau mardula prestatu dute San Nikolas ikastolako langile eta boluntarioek. Musika, dantza, kolore eta tradizio anitzez betetako programa batekin, euskal kultura eta ikastola ardatz hartuta, gazteen eta nerabeen parte-hartzea bultzatzeko. Horrela, ekitaldia udalerriko lau gune enblematikotara zabalduko da.
Lehen gunea San Nikolas ikastola bera izango da. Gune horretan, tradizioak modernitatearekin bat egin du, eta euskal musika eta dantza ikuskizunekin batera, Haur Hezkuntzako Topaketak, herri bazkaria eta askoz gehiago izango da bertan, guztion gozamenerako.
Bigarren gunea San Nikolas plazan eta inguruetan izango da, eta kontzertuak, kalejirak, antzerki emanaldiak eta artisautza erakusketa egongo dira bertan.
Algortako Portu Zaharrak hartuko du Ibilaldiaren hirugarren gunea, eta bertaratzen direnek askotariko ekintzak eta ikuskizunak aurkituko dituzte bertan, euskal musika taldeak zuzenean ikusteko aukera, besteak beste.
Laugarren gunea Ereagako hondartzan egongo da, eta familientzako aukera zabala eskainiko du. Horrela, haurrentzako egurrezko jolasak, zientzia tailerrak, 'Goazen' saioko kideen eta pailazoen ikuskizunak eta abar aurkituko dituzte gune horretan.
Ibilaldiaren mapa eta egitaraua. Argazkia: Ibilaldia
Eguraldia
Giroa goibelduz joango da igandean, eta tenperaturak behera egingo du, Euskalmeten arabera. Goizean, haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da, eta zerua lainotuz joango da pixkanaka; behe-hodeiak kostaldean agertuko dira lehenengo eta barnealdera hedatuko dira gero. Baliteke hodei horiek zirimiria uztea han-hemenka, iparraldeko mendi inguruetan eta egunaren bigarren partean gehienbat. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, eta 18-20 ºC-ren bueltan geratuko dira lurraldearen zati handi batean, baina baliteke altuagoak izatea lurraldearen hegoaldean, ostarteak nagusituko baitira bertan.