HILKETA
Gizonezko gazte bat hil dute Getxon, labankatuta, eta bost adin txikiko atxilotu dituzte
EITB Media
Algortako Satistegi plazaren inguruan izan da erasoa bart, 23:20 aldera. 23 urteko gazte batek arma zuriz egindako erasoa jasan du, eta Gurutzetako ospitalean hil da geroago. Ertzaintzak bost adingabe atxilotu ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
23 urteko gizonezko bat hil da bart Getxon, arma zuriz egindako erasoa jaso ostean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Algorta auzoko Satistegi plazaren inguruan izan zen erasoa, larunbatean, 23:20 aldera. Taberna inguru batean, gazte batek beste bati arma zuriz egin zion eraso. Biktima larri zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera, eta bertan hil zen geroago.
Felipe zuen izena, eta 9 hilabete zituela ekarri zuten Kolonbiatik Euskal Herrira bizitzera. Ordutik, Algortan (Getxo) bizi zen izebarekin eta amonarekin.
Gauerdia baino lehentxeago, Ertzaintzak, Getxoko Udaltzaingoarekin batera, ustez erasoan parte hartu zuten bost adingabe atxilotu zituen Algortako metroko geltokian. Gainera, odol arrastoak zituzten bi labana aurkitu zituzten geltokian bertan dagoen zaborrontzi batean.
Hainbat iturrik zabaldu dutenez, atxilotuak hiru mutil eta bi neska dira.
EITBk jakin duenez, biktima urtebetetze ospakizun batera zihoala, lagunetako batekin eztabaidan hasi zen, eta atzetik egin omen zioten eraso. Antza denez, erasotzaileak biktimaren ezagunak ziren, eta urtebetetze jai batera zihoazen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Elkarretaratzea Algortan
Atsekabetuta hitz egin du izebak EITBrekin. Ez dutela datu askorik esan du, ikerketa irekita dagoela eta auzitegiko medikuak lana amaitu zain daudela, gorpua jaso eta azken agurra emateko.
Ehunka lagun elkartu dira arratsaldean Algortan, biktima oroitzeko eta gertatutakoa salatzeko.
Goizean, Amaia Agirre Getxoko alkateak gaitzetsi egin du gertatutakoa: "Zoritxarrez esan beharra dago atzo gertatutakoa Getxon ez dugula onartzen, ez ditugula horrelako jokabideak onartzen, gaitzetsi egiten ditugula". "Getxo herri baketsua da, eta herri anitza da, eta gure artean bizikidetasuna landu egiten dugu egunero", erantsi du. Azkenik, "gertutasuna" helarazi dio biktimaren familiari. Ibilaldia abiatzeko ekitaldian egin ditu adierazpenok Agirrek, eta bertaratutakoek txaloak joaz egin dute bat hitz horiekin.