Manifestazioa
Ehunka lagun bildu dira Donostia Defendatuz plataformak "hiri eredu bizigarri baten alde" deitutako martxan
EITB Media
Martxa 12:00etan abiatu da Easo plazatik 'Donostia ez dago salgai! Hiri bizigarri aten alde' lelopean. Donostia ez dagoela salgai aldarrikatu, eta Udalari, gutxi batzuen interes ekonomikoak barik, herritarrak lehenetsi ditzala exijitu diote.
Donostiako hainbat auzo elkartek eta gizarte taldek osatutako Donostia Defendatuz koordinakundeak deitutako manifestazioarekin bat egin dute gaur eguerdian ehunka lagunek, eta Easo Plazatik Boulebarderaino joan dira, kalez kale, euripean, "hiri eredu bizigarria" eskatuz.
Martxa 12:00etan abiatu da Easo plazatik, 'Donostia ez dago salgai! Hiri bizigarri baten alde' lelopean, "hiria merkatuko indarren esku uzten duten udal hirigintza-politikak baztertzea" eta "hiri-eredua bereziki herri-klaseetara, ingurune ekologikoaren berreskurapenera eta auzoen beharretara bideratzeko beharra" aldarrikatzeko.
Elkarteak salatu duenez, Donostiako Udala "herritarren beharrekin zerikusirik ez duten hirigintza proiektuak eta eragiketak sustatzen eta inposatzen ari da".
Asier Basurto Donostia Defendatuz koordinakundeko kideak azaldu duenez, taldeak, turistifikazioaz eta etxebizitzen garestitzeaz haratago, hirian egiten ari diren proiektu erraldoiak herritarren kalterako direla salatu du, eta Udalaren itxitasuna deitoratu.
Gaineratu dutenez, herritarren onura bilatzeko elkarlana ezinbestekoa da, eta elkarrizketarako prest agertu dira.
Donostia Defendatuz elkarteak salatu duenez, Donostiako Udala "herritarren beharrekin zerikusirik ez duten hirigintza proiektuak eta eragiketak sustatzen eta inposatzen ari da".