Itxi

Tabakoa

Azken sei urteetan laukoiztu egin da bapeatzaileen kopurua EAEn eta lautik batek 15-21 urte ditu

EiTB Media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak bapeatzeak osasunean dituen arrisku larriez ohartarazteko kanpaina abiatu du, bereziki gazteei zuzenduta.

Bapeatzeko gailu bat. EiTB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

Euskal Autonomia Erkidegoan azken sei urteetan laukoiztu egin da zigarro elektronikoen, berotze bidezko tabakoaren eta bestelako gailuen erabilera, eta lautik bat 15 eta 21 urte bitarteko gazteak dira, Eusko Jaurlaritzak gaur zabaldutako datuen arabera.

Datorren ostiralean, maiatzak 31, ospatuko den Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren atarian, Osasun Sailak bapeatzeak osasunean dituen arrisku larriez ohartarazteko kanpaina abiatu du. Kanpaina gazteei zuzenduta dago bereziki, eta helburua da kaltegarria dela erakustea, "kalterik eragiten ez duen moda erakargarritzat hartzen bada ere".

Gotzone Sagardui jarduneko Osasun Sailburuak gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, Osasunaren Mundu Erakundearen ildoari jarraituz, aurten bere indarrak herritarrak babestera bideratuko ditu, "tabakoaren eta horrekin lotutako produktuen industriaren esku-sartzearen aurrean". 

Sagarduik azpimarratu duenez, "kaltegabetasunaren pertzepzio faltsua" eragiten duen gailu mota baten aurrean gaude. Ildo horretan, ohartarazi du ez dagoela "esposizio maila segururik", tabakoa "kaltegarria delako bere modalitate guztietan, tradizionaletan eta berrietan".

Sentsibilizazio kanpaina, batez ere, sare sozialetan egingo da, baina ohiko bitarteko eta euskarrietan ere izango du presentzia.

Nerabeen artean ohikoak diren bi egoeraren irudien gainean, mezu hau erakutsiko da: "Bapeatzea ez da broma. Bizitza izorratzen dizu". Osasun Sailaren kanpainak "tonu dramatikoa" erabiltzen du, giro apokaliptikoen bidez, protagonistak atmosfera toxiko batean murgilduz. "Zigarro elektronikoa ez da jolas bat, ez da moda bat, ez da itxurakeria. Zigarro elektronikoak bizitza kontsumitzen dizu", dio kanpainako mezuak.